argia.eus
INPRIMATU
Udaberriko tenperatura baxuek lotura dute Artikoaren urtzearekin, zientzialarien arabera
  • Hainbat zientzialarik azaldu duenez, Artikoa galtzen ari den izotzak ozeanoaren tenperatura igotzen du. Atmosferako aire korronteengan eragina du horrek, eta elur erauntsiak sortzen ditu garai hauetarako ezohikoak diren lekuetan, Europako herrialde batzuetan eta AEB iparraldeko estatuetan, adibidez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko martxoaren 26a
Elur ekaitz gogorrak izan dira azken egunotan Britainia Handiko zonalde batzuetan. (Argazkia: Daily Mail)

kazetariak The Guardian egunkarian nabarmendu duen moduan, Artikoaren urtzea zifra "dramatikoetara" heltzen ari da. AEBetako NSIDC ikerketa zentroak egindako neurketen arabera, urte sasoi honetarako, izotz geruza bere gutxieneko mailatik oso gertu dago. Rutgers institutuko Jennifer Francis irakaslearen hitzetan, duela 30 urte baino %80 izotz gutxiago dago Artikoan.

Aurtengo udaberri hasierako tenperatura baxuek kontrastea egiten dute 2012ko martxoan herrialde batzuek sufritu zituzten bero-uholdeekin. Zabalduen dagoen hipotesiak dioenez, airearen patroiak aldatzen ari dira. Izan ere, Artikoko izotza itsasoan urtzearen ondorioz, normalean izoztutako ozeano-eremu handiak atmosferara iritsi dira, eta horrek bi fenomenoak esplikatuko lituzte, muturreko beroa eta hotza.