argia.eus
INPRIMATU
Ubuntu, telefono eta telebistetan
  • Ubuntu sistema eragilea sakeleko telefonoetara eta telebistetara eramateko ekimena aurkeztu zuen atzo Canonical enpresak. Bi produktu aurkeztu zituen, smartphone telefonoei ahalik eta zuku gehien ateratzeko helburuarekin: Ubuntu sistema eragilea sakelekoentzat eta Ubuntu Android sistemarako.

ARGIA @argia 2013ko urtarrilaren 03a
Smartphoneetarako sistema eragile berria aurkeztu du Canonical enpresak.

Joxe Rojasek produktu horiei buruz idatzi du Teknopataren txokoa blogean:

Ubuntu sistema eragilea sakelakoentzat: Smartphoneetarako sistema eragile berria, orain arteko Ubuntu garatzeko lanetan ikasitako guztia aprobetxatzen duena: sisteman integratutako web aplikazioak, pantaila oso-osoa aprobetxatzeko diseinua, pertsonalizazio aukera zabalak… eta, segapotoa pantaila handi batera konektatuz gero, ordenagailu baten moduan erabiltzeko aukera ere bai. (...) 2013 bukaera alderako ikus genitzake dendetan Ubuntu daramaten lehen segapotoak.

Ubuntu Android sistemarako: Ubuntuk izaera irekia du, Linuxek berak bezalaxe, eta horregatik ez da konpetentziaren beldur. Horren froga argia da Ubuntu for Android delakoa. Hari esker, Android telefonoa pantaila handi batera konektatu eta ordenagailua bailitzan erabili ahal izango dugu, Ubuntuk eskaintzen duen mahaigaina erabiliz.

Rojasen hitzetan, egitasmo hau albiste oso ona da. Batetik, "oraingoa baino askoz ere aukera libreagoa dakarrelako ‘listofonoen’ mundura"; bestetik, "Ubunturen inguruan bildu den komunitate zabalak sakelakoan (eta telebistan) ere euskararako euskarri duina bermatu ahal duelako, aukera komertzialek zein Androidek berak euskara bazterrean utzi duten bitartean".

Ekimen positiboa den arren, Rojasek dio zaila izango duela merkatua banatuta daukaten lehiakide handien artean (Apple, Google, Microsoft) lekua bilatzea.