argia.eus
INPRIMATU
U30 Aldaketaldia: ingurumen larrialdi globala herriz herri salatzeko ekimena antolatu dute
  • Urtarrilaren 30aren bueltan "trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde" mobilizatzeko deia luzatu du Gipuzkoako hainbat eragile sozial eta sindikal biltzen dituen Larreko Mahaiak. Donostian manifestazioa egingo dute egun horretan, Gladys Enetatik Bulebarreraino.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 14a

Bizi dugun klima, bioaniztasun eta "oro har ingurumen-larrialdia" salatzeko U30 Aldaketaldia ekimena aurkeztu dute ostegunean Donostian Larreko Mahaia osatzen duten eragileek. "Maila lokaletik" eta modu "saretuan", urtarrilaren 30aren aurretik eta ondoren, herri, auzo, ikastetxe eta lantokietan mobilizazioak eta bestelako ekintzak egitera animatu dituzte herritarrak, izan hitzaldiak, bizikleta martxak, zuhaitz landaketak edo plastiko bilketak.

"Agintari politikoek, orain pandemiaren aitzakian, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta larrialdi-egoera areagotzen jarraitzen duten honetan, beharrezkoa da norabide aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatu eta saretzea", azaldu dute.

Euren esanetan, beharrezkoa da globalki gertatzen ari den krisia bistaratzea tokian bertan, krisi hori "gurean ere hasten" baita. Horren adibide dira hondakin, garraio edo ibai saneamenduen inguruko politikak, Larrekoko kideen ustez. Beraz, "lokala eta globala uztartzeko ekimena" litzateke.

Jadanik Gipuzkoko hogei herri baino gehiagotan antolatu dira ekintzak. Donostian manifestazioa egingo dute urtarrilaren 30ean, Gladys Eneatik Bulebarreraino; eta horrez gain aurreikusi dira Zubietako erraustegia eta hondakinen egungo kudeaketa salatzeko ekintzak, zuhaitz landaketak, erreketan barrena ibilaldiak, AHTren eta Donostiako Metroaren kontrako elkarretaratzeak, liburu aurkezpenak...

Larreko Mahaiak azaldu duenez, oraindik bada astia eurekin harremanetan jarri eta ekintza gehiago antolatzeko, baita egitasmoa beste lurraldeetara zabaltzeko ere.

Zaldibar gogoan

Bestalde, otsailaren 6ean urtebete izango da Zaldibarko zabortegia behera erori zela. Urteurren hori ere oso presente izango dute antolatu dituzten ekitaldietan eta gertaturikoa oraindik argitu gabe dagoela gizarteratzen lagundu nahi dute: "Zaldibarkoan argi geratu baita Euskal Herrian, ingurumen alorrean, gauzak ez direla ondo egin eta ez direla ondo egiten ari".