argia.eus
INPRIMATU
Txuma Murugarren:“Erromaren gainbehera da hau!”
  • Oreretar bat Sopuertan... Gora periferia!

    Periferia gogorrena da hau. Ikuspuntuaren arabera, lehen edo azken lubakian gauden arroztasunaren aurkako infanteria gara.

2010ko abenduaren 25

Ez al zinen B aldeko kantaria?

Betidanik eta halabeharrez nabil nire sentsibilitatearekin bat egiten duen bide okerrean. 

Halabeharrez? Euskaldunoi galtzaileak gustatzen zaizkigu-eta! 

Gure burua galtzailetzat daukagulako, etengabe ari garelako gure burua inguruko munstroekin konparatzen. Ez dugu txikiak garela ikusi nahi, ez gara ohitu txikiak izaten, eta akonplejatuta gaude.

Herri honetan irabazleak dira akonplejatuak.

Txikiaren miseriari ihes egiteko zortea izan duenari ez zaio barkatzen. Oso zitalak gara tropatik ateratzen den gudariarekin. 

Nahiago ditugu “kantu arantzadunak, bihozgabeak, kantu zitalak, inork maite ez dituenak, hondamendi batetik erreskatatuak”... Ederra literatura!

Alde ilunekoak gara, inork maite ez gaituenak, eta minduta gaude, hemen gaudelako, gela ilun honetan, gonbidatuen behin-behinekotasunez... Futbolariek ere behar izaten dute literatura hurrengo partidari buruz hitz egiteko.

Halaxe zabiltzate, futbolariek futbolaz nola, zuen diskoei buruz hizketan.

Gure diskoak saldu eta ezagutarazi behar ditugula sinetsita bizi gara, gure produktuak jendearentzat ezinbestekoak direla, mundua salbatuko dutela. Baina handitxoa naiz jada ezer espero izateko. Are gehiago, nire profesio amateur hau ez zait gehiegi gustatzen.

Segi autoflagelazioan!

Diskoa argitaratzear zela, bankuari mailegua eskatuko niola pentsatu nuen, diskoa erosi eta goitik behera birrintzeko. Ez duzu uste nirea autoflagelazioa baino larriagoa dela?

Hau dena antzerkia dela ulertu dudanetik…

Arte guztiek dute antzerki eta exhibizionismotik. Noiz konturatuko dira psikiatrak sorkuntzara dedikatzen garenak oso gaixorik gaudela?

Herriak Zesarri berea ematen dionean, agian?

Plazan kontzertua egonda ere jendeak nahiago du pareko tabernan edaten eta ostatuko musika entzuten egon. Bost axola zaio oholtza gainekoak zer esan nahi duen. Krisi ekonomikoa baino larriagoa da gure krisi etiko eta morala. Erromaren gainbehera da hau!

Eta zu, hala ere, XXI. mendean diskoak argitaratzen.

Ez dugulako jendearengana heltzeko formula hoberik topatu. Internet arrotza zaigu, ez gara fidatzen, iraganarekin maiteminduta gaude, eta XXI. mendean ere, sortzea da barruan ditugun zauriak ez zornatzeko bide bakarra.