argia.eus
INPRIMATU
“Txotxongiloak bezala tratatzen gaituzte”
  • Aldi baterako irakasleen plazak esleitzen dituen Ordezkagunea plataformak huts egin du eta zalantza, buruhauste eta haserre handia eragin du EAEko ordezko irakasle ugarirengan. “Azkeneko momentuan ezin dira milaka familia egon zuen harietatik zintzilik”, salatu dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko irailaren 08a

Ostegunean hasi da ikasturtea EAEko eskoletan eta aldi baterako 2.300 irakasleri astelehenean esleitu behar zitzaien plaza, Ordezkagunea plataformaren bidez. Baina huts egin zuen plataformak astelehenean, eta berdin asteazkenean, ikasturtea hasi baino egun bat lehenago. Azken orduan banatu dira plazak.

Asteleheneko esleipenak bertan behera

Plaza eskuratu ezinean egun osoa ordenagailu aurrean eman zuen irakasle andanak astelehenean. Hainbatek lortu zuen plataformaren bidez esleipena bideratzea, baina Jaurlaritzak erabaki zuen asteazkenean errepikatzea prozesua, ez bakarrik lanpostua eskuratu ez zutenek, baita esleipena lortu zutenek ere. Asteazkenean, ordea, plataformak arazoak eman ditu berriz ere, eta azken orduan funtzionatu du.

"Garaiz ibiil zarete kurtso hasierarako gauzak konponduta uzteko"

Nabaria izan da hezitzaileen arteko ezinegona eta haserrea. “Egoera tamalgarria” salatu dute irakasleek Ordezkoak Martxan taldean. “Ikasleak irakasle barik geletan, irakasleak lanpostu barik etxean ordenagailu aurrean. Ez dago eskubiderik honengatik beste ikasturte hasiera bat sufritzeko”, dio irakasleetako batek, ez baita lehenengo urtea Ordezkagunea plataformak arazoak ematen dituena: “Garaiz ibili zarete gauzak kurtso hasierarako konponduta eta dezente uzteko, eta bestela, lehenago hasi lanean. Azkeneko momentuan ezin dira milaka familia egon zuen harietatik zintzilik, txotxongiloak lez”.

Ordezko irakasleek jasaten duten behin-behinekotasun altuari eta ikastetxe batetik bestera dantzan ibili behar izateari ikasturte hasierako ziurgabetasuna eta anabasa gehitu dio egoera honek. “Ordezko guztiek greba egin beharko genuke egun batzuez eta horrela baloratuko lukete gure lana. Txotxongiloak bezala tratatzen gaituzte”, kexatu da beste irakasle bat taldean.

Sindikatuek ere kritikatu dute Jaurlaritzaren gestioa eta EH Bilduk Legebiltzarrera eraman du gaia, Hego Euskal Herriko ikasturte hasieraz idatzi dugun albiste honetan jaso dugunez.