argia.eus
INPRIMATU
Txosnak Euskal Herriko ondare inmaterial izendatzeko sinadura bilketa bat abiatu dute
  • Euskal Herriko hainbat txosna eta jai batzordek deituta, elkarretaratzea egin dute larunbatean Bilboko Miribilla auzoan. Azpimarratu dute txosnak ez direla "edariak zerbitzatzeko barra hutsak", jai herrikoien "bihotza" baizik. Horregatik, Txosnak. Gureak, denonak dinamika aurkeztu dute.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 02a
'Txosnak. Gureak, denonak' dinamika aurkezteko Miribillan (Bilbo) larunbatean egin zuten agerraldia. Pello Maudo

Duela bizpahiru aste eginiko prentsaurrekoan, Bilboko, Gasteizko eta Donostiako herri jaietako ordezkariek ohartarazi zuten txosnak "arriskuan" zeudela, eta espazio publikoa erabiltzeko bidean geroz eta oztopo gehiago jartzen dizkietela. Horregatik, Euskal Herriko hainbat txosna eta jai batzordek deituta, elkarretaratzea egin zuten larunbatean Bilboko Miribilla auzoan, eta Txosnak. Gureak, denonak dinamika aurkeztu: txosnek etorkizuna bermatuta izan dezaten eta "jai eredu herrikoia" mantentzeko asmoz, sinadura bilketa bat abian jarri dute txosnak Euskal Herriko ondare inmaterial izendatzeko.

Nagore Ugartek eta Iker Martinek irakurritako adierazpenean, azpimarratu dute txosnak ez direla "edariak zerbitzatzeko barra hutsak": "Jai herrikoien bihotza, elkartzeko eta elkar zaintzeko guneak, herriak bere nortasuna ospatzen duen lekua; tresna politiko, sozial eta kulturalak dira". Gogorarazi dute txosnek "jende askoren borondatezko lanarekin" jarduten dutela, eta "gune ireki, parte hartzaile eta herrikoiak" sortzen direla horietan. Horregatik, agerraldian adierazi dute "ezinbestekoa" dela txosnak babestea, "festa soila" baino gehiago baitira.

Euskal Herriko 700 txosnak eta 200 jai batzordek baino gehiagok bat egin dute dinamikarekin, eta herritarrak bi modutan atxiki ahal daitezke horretara: Euskal Herriko jai guztietan egongo diren sinadura orrien bidez, eta ireki berri duten www.txosnak.eus webgunearen bitartez. "Herriz herri, jairik jai, txosnaz txosna eta kuadrillaz kuadrilla" sinadurak biltzen ariko dira, eta ondoren Eusko Jaurlaritzari helaraziko dizkiote.

Txosnak pribatizatzeko asmoa

Martinek salatu du administrazioek geroz eta oztopo gehiago jartzen dizkietela txosnei. 2020an aurkeztu zuten Ticket Bai fakturazio sistema Eusko Jaurlaritzak eta EAEko Foru Aldundiek. "Ustelkeria" eta "segurtasuna" arrazoi gisa, fakturazio sistema hori aplikatzen zaion pertsona edo elkarte fisiko orok zenbait administrazio kudeaketa egin behar ditu: diru sarreren digitalizazioaz gain, jarduera ekonomikoetan alta ematea –eta baja ondoren, noski– eta zergen aitorpena egitea. Hain zuzen, txosnek "irabazi asmoekin funtzionatzen" dutela argudiatuta, azken urteetan instituzioak Ticket Bai txosnetan aplikatzera behartzen ari dira hiri eta herri ugaritako jai batzordeak.