argia.eus
INPRIMATU
“Txosnak eta herri jaiak defendatzeko” ekimena egingo dute maiatzaren 31n Bilbon
  • Bilboko, Gasteizko eta Donostiako herri jaietako ordezkariek agerraldi bateratua egin dute maiatzaren 8 honetan, txosnei jarritako zailtasunak salatzeko eta jai eredu herrikoa "desagertzeko arriskuan" dagoela ohartarazteko.

     

     

Unai Lomana Uribezubia 2025eko maiatzaren 09a
Ezkerretik eskuinera, Maite Aranalde (Gasteizko Txosnak), Iker Martin (Bilboko Konpartsak) eta Joseba Cornago (Donostiako Piratak). Bilboko Konpartsak

Bilboko Aste Nagusirako 100 egun, Donostiako Aste Nagusirako 93 eta Gasteizko Maria Zuriaren jaietarako 88 falta direla, hiri horietan jai herrikoiak antolatzen dituztenek alarma-mezua zabaldu dute: "Mundua pribatizatzen ari da, eta gero eta zailagoa da txosnak eta herri-jaiak antolatzea". 

Bilboko, Gasteizko eta Donostiako herri jaietako ordezkariek agerraldi bateratua egin dute maiatzaren 8 honetan. Espazio publikoa erabiltzeko bidean, "geroz eta oztopo gehiago" jartzen dizkietela salatu dute. beraien esanetan, "agerikoa da" instituzioek lehentasuna ematen dietela irabazi asmoa duten jarduerei.

Adierazi dute tramite administratiboen zamek, kostuen garestitzeek edota araudi murriztaileek autogestioan oinarrituriko "adierazpen kolektiboaren etorkizuna" arriskuan jartzen dutela, baita irabazi asmorik gabeko txosnena eta jaiena ere.

Jai eredu hauek merkataritza ekitaldietatik "desberdindu behar" direla esan dute, eta horrez gain, txosnak "gure herriaren altxorra" direla erranda, "babesteko" deia ere luzatu dute. Deitoratu dute haien izaeraren aitorpen-eza, eta administrazioak beraien beharretara egokitutako espaziorik ez izatea; "anomaliatzat" jo dute egoera, batez ere beraien jai eredua "Euskal Herrian hain errotuta egonda".

Aurrez salatutakoak berretsiz, zera esan dute: "Ez dago gauza tristeagorik hainbeste maite dugun eta guztion artean hainbeste gozatzen dugun hori desagertzeko arriskuan ikustea baino". Horren guztiaren ondorioz, "txosnak eta herri jaiak defendatzeko" ekitaldi handi baterako deialdia luzatu dute: maiatzaren 31n Bilboko Miribilla anfiteatroan, 11:30ean.