argia.eus
INPRIMATU
‘Txori Urdinak’ liburuaren irakurraldi publikoa Oreretan, espetxea “beste ikuspuntu batetik” ezagutzeko
  • Herriko eragile, sindikatu, alderdi edo kultur arloko 20 pertsona inguruk liburuaren pasarteak irakurriko dituzte abenduaren 15ean Reina Aretoan. Sarek antolatu du saioa, Errenteriako Udalaren Giza Eskubideen Jardunaldien VIII. edizioaren barnean.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 07a

“Urteak daramatzagu askotariko ekimenak antolatzen herrian, presoen eta espetxeen gaiarekin jende berriarengana heltzeko lan pedagogikoa egiten”, azaldu dio ARGIAri Oreretako Sareko kide Josu Galarragak, “eta aurten irakurraldi bat egitea pentsatu genuen”. Irakurraldirako zein liburu hautatu eman zuten denbora bat, “Maritxa-k esan zigun Txori Urdinak interesgarria izan zitekeela, gutako batzuek irakurri genuen eta ikusi genuen baietz, gaiaren zein formatuaren aldetik egokia dela”. Galarragak dio espetxea “beste ikuspuntu batetik” ezagutzeko parada ematen duela Santi Cobos presoaren lekukotasunak: “Santik ondo islatzen du zer den espetxea, bereziki zein zen errealitatea 80 eta 90eko hamarkadetan, zer duintasun behar den horri guztiari aurre egiteko, edo zer harreman egin zuen euskal preso politikoekin. Oso gordina da une batzuetan, baina gertukoa sentitu genuen aldi berean”.

Irakurraldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da. Sarrera egingo dute liburuaren idazle Zigor Olabarriak eta Gorka Lazkanok, herriko preso ohia, Santiren laguna, eta liburuaren hitzaurrearen egile Asier Otxoarekin batera. Ondoren herriko 20 pertsona inguruk liburuaren pasarteak irakurriko dituzte: Eragile sozial eta politikoetako kideak, alderdi politiko eta sindikatuetakoak, kultur arlokoak...

Giza eskubideen Jardunaldiak

Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da, dataren bueltan ekimenen bat egin ohi dute Oreretako Sareko kideek, eta bere aldetik Errenteriako Udalak Giza Eskubideen Jardunaldia antolatzen du. “Pentsatu genuen hobe zela udaleko jardunaldien barruan kokatzea irakurraldia, proposatu genien eta ados azaldu ziren”, azaldu du Galarragak. Irakurraldiaz gain, jardunaldien barruan jada ikusgai dago Xenpelar Etxean Begiradak: Afrikako bihotzera bidaia magikoa erakusketa, eta hilaren 12tik aurrera hainbat antzerki obra antzeztuko dira. Egitaraua osorik beheko kartelean ikusgai: