Mundu oso bat sartzen da gaur nire pareko mahaian. Nafarroako zainzuriak, olibak, patea tostada txikietan, urdaiazpiko ona, atun eta mahonesaz beteriko arrautza egosiak… Ohiturazko afari honetara murriztu da urtea berriz ere, eta gaur nire pareko mahaian mundu osoa sartzen denez gero, elkarri begira gaude amama, izeba, osaba, beste izeba, lehengusua, lehengusina, aita, ama, ahizpa eta ni. Gabon gaua omen da baina gerrako goi-karguen biltzarra ere izan liteke.
Urtean zehar jazotakoak kontatzeko une aproposa izan ohi da hau, nik ordea interesekoak izan daitezkeen pare bat gauza besterik ez ditut buruan. Beraz, emozio handirik gabe aipatu dut aurrekoan emakume itsu batek 2026an mundua amaituko dela esan zidala; hori batetik, eta bestetik, mundu guztia dela runnerra orain, edozeinek egiten duela Behobia-Donostia. Edozeinek ezetz, esan du osabak, nire izter sendoekin, adibidez, asko kostatuko zait halako lasterketa bat egitea. Nafarroako zainzuri bat hartu eta botatzeko prest nengoen, gerra deklaratzeko prest, baina oroitu dut zainzuriak kaloria gutxi eta zuntz asko dituela, eta ahora eraman dut.
Urdaiazpiko kroketak, bakalao kroketak, piper beteak, muskuiluak…
Ni ere gimnasiora apuntatu naiz aurten osasuna eta ongizatea direlako horien bila, edo horien aitzakian. Egia esan amak gainontzekoengana begietatik sartzen garela esan zidanetik press banca eta hip thrust-ak egiteko asmotan ibili naiz, baina korrika egiteko zintan amaitu izan dut beti, kikiltzen nauten koipe gabeko gorputz hipermuskulatu horietatik urrun. “Todos loco’ con su cuerpo, éxtasis, están soñando con verla vis a vis, los nene' hipnotizados con su sex appeal” kantatzen dit Emiliak kaskoetatik, eta niri arnasa estutzen zait: ez naiz sekula Behobiatik aterako.
Hari ere esan zioten begietatik sartzen ginela beste edozeren aurretik, eta gaur denek zoriondu dute argaldu egin delako
Txanpaina, sagardoa, fanta, ardo beltza, ardo zuria…
Nire ahizpak hiru oliba eta urdaiazpiko kroketa erdia jan ditu. Nola egiten duen galdetu diot, beti bezala, eta erantzun dit bera horrekin beteta sentitzen dela, asetuta, ez duela gehiagoren beharrik eta ez dela jardungo gorputzak eskatzen ez dionik ahora eramaten. Gezurretan ari dela esango nuke baina konbentzituta dagoela dirudi. Hari ere esan zioten begietatik sartzen ginela beste edozeren aurretik, eta gaur denek zoriondu dute argaldu egin delako. Nik ez dut zoriondu, iruditzen zaidalako aurten denak argaldu direla, besterik gabe.
Lehengusina ardo zuria edaten ari da. Niri ez zait gehiegi gustatzen; berez, nazka apur bat ematen dit, eta gorroto dut hori, mahai honen bueltan beti entzun izan dudalako ardo zuria dela sabela gutxien puzten dizun edari alkoholikoa. Kalimotxoa gustoko dut, baina Coca-Cola bat edatearen ideiak geroz eta gehiago beldurtzen nau. Eta kaña? Zenbat kaloria ditu kaña batek? Nire kuadrillako guztiak hasi dira parrandan ardo zuria edaten. Nik ere ikasiko dut, hamasei urterekin zerbeza edaten ikasi nuen modu berean.
Turroi gogorra, turroi biguna, bonboiak, polboroiak…
Nik ere izan nahi dut gai beteta nagoela esan eta postreari uko egiteko, nik ere izan nahi dut gai gosea sakrifikatzeko. Lagun askok apetitua galtzen dute urduri daudenean baina nik ez, nik irabazi egiten dut eta jaten ditut turroi gogorra, turroi biguna, bonboiak eta polboroiak bata bestearen atzetik. Alderantziz izatea nahi nuke behin bada ere, amamarengana hurbildu eta behingoagatik ni ere argaldu egin naizela esan diezadan, behingoagatik itzul nadin 38 neurriko praketatik 36koetara, itzul nadin nerabe izan aurreko gorputz horren fintasunera.
Beharbada, zorte apur batekin neguko hotzari esker gaixo jarri eta apetitua galduko dut. Izebak beti dio hori dela dietarik onena, eta ni edozer sinisteko gai naiz askotan errepikatzen badidate.