Garraio publikoaren erabilera gutxitu eta kotxearena hazi da eta industriak ia Txina osoan ekin dio berriz bere jarduerari. Centre for Research on Energy and Clean Air erakundeak egindako txostenak eman ditu datuak.
Martxo bukaeratik Txinako ekonomia jarduerari berrekin zionetik, kutsadura maila igotzen joan da. Txostenaren egileek adierazi dutenez, herrialde horren esperientziak adierazi dezake gainerako herrialdeek duten arriskua, Txina izan baita konfinamenduaren ostean lanera ia osotasunean itzuli den lehenetarikoa.
Ikerketak nitrogeno oxidoa, ozonoa, sulfuro dioxidoa eta airean dauden partikulak neurtu ditu, besteak beste, Txinako 1.500 estaziotan eta datu horiek alderatu ditu iazkoekin. Atera duten ondorioa izan da kutsaduraren igoera batipat jarduera industrialak eragindakoa izan dela, batez ere ikatza erretzeak. Txinak erregai honen aldeko apustua egin du industria berreskuratzeko.
Txostenak gogorarazi du Txina aurreko krisialdietatik suspertu denean ere airearen kutsadura eta CO2 emisioak hazi egin direla, esaterako 2003an SARS epidemiatik edo 2008an finantza krisitik. Oraingoan, ordea, kutsaduraren eta COVID-19ren arteko lotura erakutsi dutenez hainbat ikerketak, kutsadura maila igotzeak zailtasunak ekar ditzake koronabirusaren kudeaketan.