Txinak aske utziko du Tiananmengo protesten harira atxilotutako azken presoa

  • Dui Hua fundazioaren arabera, Miao Deshun da Tiananmengo protesten harira espetxean geratzen den bakarra. Milaka pertsonak hartu zituzten kaleak demokraziaren alde 1989an.


2016ko maiatzaren 04an - 18:19
Ikasle ugarik hartu zuten parte 1989ko protestetan.

Miaori egotzi zioten sute bat eragitea, ustez sutan zegoen tanke batera saski bat botatzeagatik. Heriotza-zigorra ezarri zioten hasiera batean. Miaok ez zion helegiterik jarri sententziari eta 20 urtera jaitsi zioten zigorra 1998an.

Orduz geroztik, beste bi aldiz jaitsi diote zigorra “jokabide egokiagatik” eta urrian kaleratzea espero da. Dui Hua fundazioak nabarmendu du eskizofrenia eta hepatitis B gaixotasunak dituela eta isolamenduan igaro duela denboraldi bat.

John Kamm fundazioko zuzendariak “pozez” hartu du albistea: “Espero dut behar duen arreta guztia izango duela ahalik eta hobekien bizitzeko, bizitza erdia baino gehiago espetxean pasa duela kontuan hartuta”.

Australiako Hedabide Taldeak (ABC) adierazi du Txinako autoritateek ez dutela oraindik baieztatu Miao askatuko dutenik.

Tiananmengo protesta larriak

Tiananmen plazako protestak 1989ko apirilaren 15tik ekainaren 4ra izan ziren Txinan. Hainbat taldek hartu zuten parte manifestazioetan: Txinako Alderdi Komunista zapaltzailetzat eta usteltzat zuten intelektualek, inflazioaren eta langabeziaren aurka borrokan ari ziren langileek eta demokrazia eskatzen duten ikasleek. Hu Yaobang Txinako orduko presidentearen heriotzak piztu zituen protestak.

Txinako Alderdi Komunistaren baitan desadostasunak egon ziren protestak amaitzeko moduari buruz. Azkenean, protestak indarrez etetea erabaki zuen Gobernuak eta ekainaren 3an tankeak bidali zituen Tiananmengo plazara. Manifestari ugari hil zituzten, eta beste asko zauritu.

Protesta horietan ateratako argazkia da 1998ko World Press Photo lehiaketako irabazlea.

 

1998ko World Press Photo lehiaketako argazki irabazlea

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txina
Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Eguneraketa berriak daude