argia.eus
INPRIMATU
Txina eta India: muga-gorabeherak baino gehixeago
Mikel Aramendi 2025eko abuztuaren 19a
Narendra Modi eta Xi Jinping 2024ko urrian. AP

Alaskan nahiz Etxe Zurian egindako bilkurek sortzen duten harrabotsaren parekorik ez du piztu. Eta protagonistek ere hala nahiago, esango nuke. Baina begien bistako garrantzia du Asiako bi potentzia nagusientzat eta, zeharbidez, kontinente osorako: Txinako Kanpo-arazoetako arduradun gorena bisitari dute Indian bi egunez.

Bi herrialdeen arteko harremanak, noski, ez zeuden etenda: Modi eta Xi aurrez aurre aritu ziren Errusiako Kazanen duela hamar hilabete; eta Txinako Tianjinen elkartuko dira berriro bi aste barru. Maila apalagoetan, bestalde, arrunki jardun dute alde biek bizkitartean. Baina bai zeudela buxatuta 2020ko maiatzean Himalaian jazotako borroka hilgarrien ondoren. Baina ez horregatik bakarrik: India bere aldera erakartzeko Estatu Batuek darabilten ahaleginak ere badu bere eragina. Trumpen baldarkeriek lagundu bide dute urak lehengo bidera ekartzen.

Agendan datza Wang Yiren bisitaldiaren benetako garrantzia. Muga-ezadostasunez zuzenean hitz egiten hastea litzateke alde bien xedea. Esate bat da “hastea”: 75 urte baino gehiago daramatza mahai gainean gorabeherak. India independenteak eta Txinako Herri Errepublikak duten adina bezainbeste. Britainiar kolonialismotik eta Qing dinastiaren akaberatik datorren auzia delako.

Gaia mahai politiko-diplomatikoaren gainera ekarrita, biziro amatatuko litzateke haren sukoitasuna. Muga-aldaketaren interes pragmatikoa –ekonomikoa, demagun– hutsaren hurrengoa delako, uren kudeaketagatik ez bada. Eta ez da erraza alde bientzat egungo status quoa baino gustagarriagoa izango denik hautematea. Ondorioa: Asiako bi potentzia nagusien arteko liskar-pizgailu nagusia izan daitekeena biziro irenduta geratuko litzateke mugen auzia solasbidera ekarriz.

Agian horrexegatik ez da espero behar berehalakoan –ezta epe luze samarrean ere– adostu eta ofizialdutako akordiorik: solasa luzatuz status quoari eustea delako Jaishankar eta Wangen arteko benetako adosgunea, Modi eta Xiren bedeinkapenarekin.

Baina bestelako kontua da Wangen agendak atxikita daraman post-it horia: “Asian Century”. Ez da aztia izan behar antzemateko India, batik bat Trumpen muga-zergen kontura, nozitzen ari den ustekabeko estutasuna probestu nahi duela Txinak hura Asia alderago erakartzeko, nola ekonomian hala geopolitikan. Eta horrek berak mugarritzen duela muga-auziak konpontzeko edo, gutxienez, indargabetzeko deliberoa ere. Asmo jasoagoen mesedetan, utz ditzagun mugak bakean.

Bada, haatik, ziurki, Wangen elkarrizketetan espresuki aipatuko ez den, baina ingura-mingura ibiliko den, korapilo askagaitz bat: luzaro gabe zenduko den 14. Dalai Lamaren oinordetzaren auzia. Beijingentzat, marra gorria.