argia.eus
INPRIMATU
Txina azken 30 urteotako uholde gogorrenak ari da jasaten
  • Txina osoan zehar 33 ibaik aspaldiko urik gehien dakarte egunotan, aurreko asteetan izandako euriteek eraginda. Uholdeak atera dira eskualde askotan eta datozen egunetan egoerak okerrera egingo duen beldur dira.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 14a
Jiujiang hiriko auzo bat uholdeak harrapatua, Txinako Jiangxi eskualdean. (Argazkia: AFP)

Egunotako uholde handiek Txinan orain arte 140 pertsona hil dituzte, 28.000 etxe suntsitu, 38 milioi jende kaltetu. Azken 30 urteetako uholde handienak diren hauek harrapatu dute Wuhan eskualdea ere, COVID-19ak hain ezagun egindakoa. Yangtze ibaiak bere handiak egunotan harrapatu du historiak oroimenean dauzkan maila maximoetatik hirugarrena eta oraindik urak gora datoz han.

Jiangxi, Hubei eta Hunan eskualdeak dira Txinako erdialdean kaltetuenak, Anhui, Zhejiang and Jiangsu ekialdean eta Chongqing mega-hiria hego mendebaldean.

Xi Jinping presidenteak agindua emana die eskualde horietako agintariei herritarrei laguntzeko behar dituzten indarrak mobilizatzeko, "ausardiaz jokatzeko" aginduz.

Azken hamarkadotatik Txinak gogoratzen dituen uholde gaiztoenak 1998an gertatu ziren, El Niño fenomenoaren eraginez. Orduan 4.000 jende hil ziren, gehienak Yangtze ibaiaren inguruetako eremuetan.