argia.eus
INPRIMATU
Txillardegiri omenaldia, “euskara batuaren aldeko lana aitortzeko eta eskertzeko”
  • Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik euskarari egindako ekarpena goretsi nahi izan dute AEK-Korrikak, EHUk eta Jakinek. Hala, larunbatean, hilak 9, omendaldia eskainiko diote Donostian, Musikene ikastegian. Txillardegiren klika dokumentala eta hizkuntzalariaren gaineko hiru liburu antologiko eta biografia aurkeztuko dituzte bertan.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 07a
Txillardegi omenduko dute elkarteetako ordezkariak, eskuan dituztela hizkuntzalariari buruzko liburuak / Korrika

"Txillardegi aitzindaria izan zen hainbat arlotan: euskaltzaletasuna ulertzeko modu berri bat ekarri zuen, euskararen batasunaren eragile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zen, euskarazko kultura moderno eta garaikidearen oinarriak jarri zituen eta soziolinguistikan ikuspegi berritzailea txertatu ere egin zuen", diote sustatzaileek. "Politikan jardun zuen gaztetatik, eta euskararen aldeko eskubideen eragile garrantzitsua izan zen, hala nola Euskal Herrian Euskaraz taldearekin".

Korrikako koordinatzaile Asier Amondoren hitzetan, "gorazarre egiteko hainbat arrazoi izanagatik ere, bereziki euskara batuaren aldeko lana aitortzeko eta eskertzeko".

Aipatu eragileekin batera, Txillardegi Liburutegia Herri-ekimeneko kideek ere hartuko dute parte omenaldi-ekitaldian, Txillardegiren gustuko ziren piano-piezek lagunduta. Era berean, oroigarria jasoko du Txillardegiren familiak, egindako ekarpen guztiaren esker onez. Amaitzeko, Kote Camachok osatutako Txillardegiren Klika ikus-entzunezkoa proiektatuko da.

Bestalde, Enparantzaren gaineko Dabilen pentsamendua liburu bildumako aurreneko saila aurkeztuko dute. Hiru liburu antologikok eta biografiak osatzen dute sail hori.