2019ko urtarrilaren 13an, Jose Luis Alvarez Txillardegi-ren heriotzaren 7. urteurrenean, jarri zuen Txillardegi Udal Liburutegia plataformak Txillardegi Plaza zioen plaka Antiguako Gaskonia Plazan. Igandean, baina, kendu egin dute, Joseba Alvarezek salatu duenez.
"Berriz jarriko dugu! Euskal memoria defenda dezagun!", idatzi du ezker abertzaleko kide eta Txillardegiren semeak Twitterren. Ez da plaka kendu duten lehenbiziko aldia, 2019ko uztailean ere gauza bera gertatu zen.
Garai batean Txillardegi izen toponimikoa zuen gaur egun Gaskonia Plaza dagoen orubeak. Txillardegi etxea zegoen han, Jose Luis Alvarezek izengoititzat hartu zuena.