argia.eus
INPRIMATU
Txikipedia jaio da, haurrentzat egokitutako Wikipedia
  • 8-13 urteko haur eta gazteak helburu dituen txoko berria sortu du Euskarazko Wikipediak. Adin tarte horretako erabiltzaileak entziklopedia askean ia egunero sartzen direla ikusi dute. Ohiko joera, halaber, bilatzen duten materiala ez aurkitzea izaten da, edo dagoena ondo ez ulertzea. Hori konpondu nahi dute.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko apirilaren 13a

Vikidian orain arte egondako edukia berrantolatu, hedatu eta hobetu dute proiektua abiatzeko. Dagoeneko 1.000 sarrera ditu proiektuak. Aitzitik, nahiko proiektu ezezaguna dela nabarmendu dute sortzaileek eta behar horretatik abiatzen dela Txikipedia. “Euskal komunitatearen artean arazoak genituen eduki horiek ikusgarri egiteko eta egun ditugun berrikuntza tekniko asko ezin genuen bertsio horretan erabili”.

Gainera, zerbitzariarekin izandako hainbat arazok Vikidia proiektua arriskuan jarri dute. Kezka sortu zela dio Koldo Biguri sortzaileak eta soluzioak ematea beharrezkotzat jo dute. “Hiru arazori egin nahi genien aurre: ikusgarritasunari, arazo teknikoei eta proiektuaren iraunkortasunari. Gauzak horrela, Vikidiarekin edukia Wikipediara fitxa propio batean ekartzea adostu genuen. Horrela, artikulu bakoitzak bi bertsio izan ditzake: orokorra eta umeentzat idatzitakoa”.

Hemen duzue lotura webgune berria miatzeko.