argia.eus
INPRIMATU
Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk
  • Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.

Jon Fernández González 2025eko abuztuaren 13a
Txiki eta Otaegiren olana Zarautzen. Sortu

Aurten beteko dira 50 urte Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela, eta horren oroimenez, olana bat eskegi zuten Zarauzko zenbait ekintzailek abuztuaren 8ko goizaldean. "Olanak ez zuen 24 ordu ere iraun", EAJk eta PSEk osatutako udal gobernuak kentzeko agindua eman zuen, ingurumena babesteko zela arrazoituta. Olana Santa Barbarako oinarrian utzi zuen udalak "zaborra bezala", baina asteartean hainbat zarauztarrek berreskuratu zuten. Azken Portuko plazara eraman (Txikiren auzoa), bertan ireki, eta argazki herritarra atera zuten ehunka lagunek.

"Txiki eta Otaegiren fusilamenduekin, franskismoak lezioa eman nahi izan zion Euskal Herriari"

Irailaren 27an 50 urte beteko dira franskismoak Txiki eta Otaegi fusilatu zituenetik, FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Txikik eta Otaegik diktadura frankistaren aurka borrokatu zutela azaldu du Sortuk, eta azpimarratu du frankismoaren aurka borrokatu zuten euskal herritar guztiek aitortza instituzionala izan beharko luketela.

Sortuk salatu du Txiki eta Otaegiren fusilamenduek Euskal Herriari lezio bat ematea zutela helburu: "Euskal Herriari bere nazio izaera ukatu eta Espainiaren batasunari indarrez eusteko", Francok "dena lotuta eta ondo lotuta" utzi baitzuen. Egun, 50 urte beranduago, "ondo lotuta utzi zuten korapiloa askatzeko" unea dela adierazi du Sortuk. 

Hori horrela, Sortuk dei egiten du irailaren 27an Iruñeko Anaitasunean ospatuko duen nazio ekitaldian parte hartzera.