argia.eus
INPRIMATU
Txiki eta Otaegiren omenezko pankartak eskegi ditu Sortuk “Erorien Haranean”
  • "Oraindik korapiloa askatzeko" dagoela gogoratzeko eta Txiki eta Otaegiren fusilatzeen 50. urteurrena kari, Sortuk bi pankarta handi eskegi ditu Cuelgamuroseko monumentuko arku batetik. 1975ean bertan lurperatu zuten Francisco Franco diktadorearen gorpua, 1936ko gerran hildako milaka errepublikarrenarekin batera. 

ARGIA @argia 2025eko irailaren 18a
Pankartak Cuelgamuroseko monumentutik zintzilik. Sortu

Sortuk ekintza ikusgarria egin du ostegun honetan Madrilgo Cuelgamurosen, frankismoak Erorien Harana gisa izendatu eta milaka langile-esklabo errepublikarrek egindako monumentu erraldoian. Bi pankarta handi eskegi ditu teilatutik behera eraikinaren sarreratik gertu.

Ni pudisteis, ni podéis, ni podréis (Ezin izan zenuten, ezin duzue, eta ezin izango duzue) irakur daiteke horietako batean, eta jarraian hizki handitan "Gora Euskal Herria Askatuta!" aldarria.  Beste pankartan, berriz, bi guardia zibil ageri dira pertsona bat fusilatzen, 1936 eta 1975 urteak goian dituztela.

Irailaren 27an beteko dira 50 urte erregimen frankistak Txiki eta Otaegi eta FRAPeko hiru kide fusilatu zituela eta hori gogoratzeko egindako irudi ugarietako bat aukeratu du Sortuk Cuelgamurosen zabaltzeko.

Tokia ez da kasualitatea, Francok eraikitzea agindu eta erregimenaren erreferentziazko toki bihurtu zen Erorien Harana; gaur egun ere elkarte faxisten bilgune bilakatu ohi da sarritan. Bertan lurperatu zituzten 1936ko kolpe militar faxistaren ondotik hildako milaka errepublikarren gorpuak, haien senideen baimenik gabe. Franco bera 1975ean toki horretan ehortzi zuten, Txiki eta Otaegi hil eta bi hilabete eskasera. 2019an atera zituzten diktadorearen gorpuzkinak.

Sortuk sare sozialetan zabaldu duenez, "Frankismotik lotutako korapiloa askatzeke dago oraindik, eta horretarako unea da orain". Bere esanetan, frankismoaren "sinbolo" den toki horretara "Euskal Herriaren izaera nazionala eta autodeterminazio eskubidea errespetatzeko" aldarrika eraman nahi izan dute.