argia.eus
INPRIMATU
Txiki eta Otaegi kriminalizatzea egungo faxismoari “alfonbra gorria jartzea da”, Sorturen hitzetan
  • Frankistek Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urte bete direnean, ekitaldi jendetsua egin du Sortuk Iruñeko Anaitasuna pabiloian. “Bakarren batzuk haien memoria kriminalitzatzen eta jazartzen jarraitzen dute”, esan du alderdiko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek oholtza gainetik, “eta hori borroka antifaxista kriminalizatzea da, faxismoari alfonbra gorria jartzea”. Kontseilu Sozialistak Zarautzen eta Jarki antolakundeak Arrasaten ospatu dute Gudari Eguna.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko irailaren 29a
Dantza, musika eta bestelakoak izan ziren Sortuk Anaitasunan egindako ekitaldian. Sortu

“Europan omenaldi instituzionalak egingo lizkiekete”, adierazi du Rodriguezek 5.000 pertsonaren aitzinean eta gaineratu: “Nazio zapaldua izaki, Euskal herrian klase borrokak, borroka feminista eta gainontzeko borroka askatzaile oro, nazio askapen borrokatik pasatzen da. Txiki eta Otaegiren belaunaldiaren proiektuak inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka, subiranotasuna inoiz baino beharrezkoagoa da”.

"Milaka euskal herritar hil zenituzten, diktadura faxista ezarri zenuten, gure hizkuntza debekatu zenuten, herri hau asimilatzeko ezin esanezko guztia egin zenuten, baina 50 urte geroago, hemen herri bat dago zutik, herri duin bat; ehunka mila pertsona daude 'gora Euskal Herria askatuta' oihukatzen, eta hori Txiki eta Otaegiri zor diegu, baita frankismoari aurre egin ziotenei ere", esan du Sortuko idazkari nagusiak.

Besteak beste Espainiako Gobernuari zuzendu zaio Rodriguez: “Espainiako Gobernuak –Estatua beste gauza bat da– aukera berria du, historikoa esango nuke, Espainiako arazoari irtenbide demokratiko bat emateko. Eta bai, ondo diot: Espainiako arazoa. Arazoa ez delako Euskal Herriarena eta Kataluniarena, arazoa bere izaera plurinazionala demokratikoki aitortu eta kudeatu ezin duen estatu batena da”.

"Langileen lubaki propioen" alde Zarautzen

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) Zarauzko munoa plazan ospatu du Gudari Eguna. Ane Ibarzabal bozeramaileak nabarmendu du frankismoa ez zela diktadorearen heriotzarekin amaitu, eta garai hartako krimenengatik inpunitatea mantentzen duela. Are, gaur egun ere estatuen “bilakaera autoritarioa eta faxismoaren gorakada” gertatzen ari dela gaineratu du. Zentzu horretan, erakundeko kide Garazi Navarrok esan du 1978ko erregimena frankismoaren jarraipenean eratu zela eta ez dela inondik inora faxismoaren aurkako berme: “Horren lekuko dira Euskal Herriko langileriak urteetan zehar pairatu dituen gerra zikina, erailketak, milaka torturatu eta espetxeratuak”.

Argazkia: EHKS

Frankismoa eta ondorengo erregimena autodeterminazioaren aurkako direla azaldu du Kontseilu Sozialistak: “Euskal Herri langilearen borondate nazionalari entzungor egiten jarraitzen du 78ko erregimenak, eta ezin daiteke ezer konpondu hura erreformatzea bilatuz ezta PSOErekin akordioetara iritsita ere. EAJ, EH Bildu eta PSOE bultzatzen ari diren estatus nazional berria iruzur autonomikoa baino ez da”.

“Balio al du PSOEren gobernuak gizarteko maila guztietan hazten ari den erreazkioa eta faxismoa gelditzeko?”, galdetu du Navarrok: “Gobernu hau agintean dagoenetik faxismoa hazi besterik ez da egin, instituzionalki, sozialki edo kalean”. Langileek lubaki propioak sortzeko beharra nabarmendu du, “faxismoari ateak irekitzen dizkion instituzioetatik” aparte.

Gudarien jardunaz “harro" Arrasaten

“Ez dugu gudarien afera frankismoaren garaietara bakarrik mugatuko, etsaiaren begietan onargarria den diskurtso publikoa sostengatzeko bidean”, adierazi du Jarki antolakundeak. Arrasateko Monterron parkean egin dute Gudari Eguneko ekitaldia. “Espainiako Estatuaren eskutik ez ezik, Frantziako Estatuarengandik ere jazarria da Euskal Herri langilea”, Jarkiren hitzetan: “Bai nazio, bai klase parametroetan, bi estatu horien pean idatzia izan da orain arte Euskal Herriaren historia. Eta, bestetik, ukazioak eta errepresioak, nahiz eta frankismo garaian bezain agerikoa eta bortitza ez izan, ustezko demokraziapean, oraindik ere, erro berdina daukate”.

Jarki antolakundeak Arrasaten ospatu du Gudari Eguna. / Argazkia: JARKI

“Ez duguna egingo da, inoiz ere ez, proiektu politiko iraultzailearen egikaritzean eguneroko lan apal baina beharrezkoaren oinarria den militante hitza baliatuko, gudari terminoa erabiltzea ekiditeko”, gehitu du antolakundeak. “Gu oso harro gaude Euskal Herri langilearen borrokaz, baita eusko gudarien jardunaz ere. Eta bestelako planteamenduak sostengatzea ez da bakarrik euren hilotzen gainean tu egitea, baizik eta etsaiari men eginez herri langilearen borroka guztiari uko egitea”. Mugimendu iraultzaileak oinarritzat antolakuntza eta borroka izan behar dituela dio Jarkik, "estatuen boterea eta nagusitasuna borrokatzeko, antolakuntza halabeharrezko baldintza baita".