Txetxeniako sua zabaltzen ari da Ipar Kaukaso osora


2005eko urriaren 31n - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01

Pello Zubiria zubiria@argia.eus Jauzi kualitatiboa egin zuen Shamil Basaiev buruzagi txetxeniarrak urriaren 13an Kabardino-Balkariako hiriburuari eraso zionean. Honezkero europarrok ezin dugu beste aldera begiratu: Asiako gure mugan Ipar Kaukasoa sutan dago, pentsa litekeen gerrarik krudelenean. Mosku hirian argitaratzen diren kazeta batzuk ari omen ziren abisatzen Ipar Kaukaso aldean egoera gogorra zela. Baina inor gutxik espero zuen urriaren 13an Naltxik-en -Kabardino-Balkariako hiriburuan- halako guda gertatzea. "Benetako gerra lehertu zen hogeita lau orduz Naltxik herri lasaian, Elbruz mendi magalean, eski sasoia prestatzen ari zirenean", idatzi zuen beranduago Ivan Sukhovek Moskuko Vremia Novostiei egunkarian. Tiro hotsak gero eta ohikoagoak dira inguru haietan, bertako tropek ekintzaile klandestinoak "likidatzeko" operazioak bezala, baina ez zegoen indarrean ez larrialdi eta ez setio legerik. Kazetari horri egokitu zitzaion gertutik ikustea irail bukaeratik Errusiako armadak Ipar Kaukasoko bost errepublikatan egiten zituen maniobra izugarrizkoak. "Egunetan, blindatuak eta soldaduz bezala komunikazio materialez betetako Ural kamioiak batera eta bestera ikusten ziren lautadako bideetan. Mendiek tiro ariketa ikusgarrien dekoratua ziruditen. Errepublika horietako batzuetatik ibili nintzen egun haietan. Eta 58. Armada sendoa han ikusirik, pentsatu nahi izan nuen azken urteotan hor jazo diren ameskaiztoetakorik gehiago ez zela jazoko". Alegia, ez zela berriro ikusiko Grozniko txikizioa edo Beslan-go eskolako sarraskia bezalakorik. Areago dio kazetari horrek: urri hasieran Kabardino-Balkarian zabaldu zela terrorista islamiarrak Naltxikeko aireportua erasotzekotan zebiltzala, han hegazkin bat harrapatu, leherkariz bete eta airez Moskura abiatzeko. Gezurra badirudi ere, zurrumurrua egia bilakatu zen. Urriaren 13an Naltxikeko hainbat egoitza ofizialen kontra su egin zuten 217 ekintzaileek ezin izan zuten aireportua konkistatu, eta egun beteko tiroketetan erasotzaileen kasik erdiak bertan gelditu ziren hilda edo zaurituta. Baina Sukhov kazetaria ez du horrek askorik kontsolatu. Oso albiste txarra baita Naltxikekoa Ipar Kaukasoko ekialdea bake eremua zela sinetsi nahi zutenentzako. Horrela jakin da nola Kabardino-Balkarian azken aldi honetan sarri entzuten diren leherketa eta tiro hotsak, eta inork aitortu gabeko setio egoeran bizi direla bertan. "Ezin dugu ukatu, lurralde hau gainerako Errusiatik etenda dago, hemen ez dute jadanik legeek edo ohiturek agintzen, gizon armatuen gogoak baizik". Aurtengo eski denboraldia askok nahi baino hotzagoa izango da hainbeste turista errusiar biltzen zituen Kaukaso mutur honetan. Naltxikeko gertakizunen ondoren aztertzaile asko ohartu da beste eraso bat Kaukasoko edonon gerta daitekeela, izan Txetxenian, Inguxian, Kabardino-Balkarian... Inork horretaz duda egiten badu, irakurtzea dauka Txetxeniako gobernuko lehendakari-orde eta erresistentziako buruzagi Shamil Basaiev-ek Naltxikeko erasoez idatzi duen errebindikazioa: "Alhamdulillah (Goratua bedi Jainkoa), Allahren laguntzarekin, Kaukasoko fronteko Kabardino-Balkaria sektoreko mujahidinek (gudariek) 2005eko urriaren 13an Naltxik hirian maila handiko eraso operazioa burutu dute errusiar inbaditzaileen eta haien zerbitzarien kontra". Shamil heroia mende eta erdi geroago Ipar Kaukasoa politika aldetik Errusiako Federazioaren zati da, eta bertan Hegoaldeko Eskualde Federalean dago sartuta. Eskualde horretan Krasnodar Krai eta Stavropol ere sartzen dira, baina Ipar Kaukasoa izenaren pean errepublika autonomo hauek aipatu ohi dira: Adigei, Karatxai-Txerkesia, Kabardino-Balkaria, Ipar Osetia, Inguxia, Txetxenia eta Dagestan. Kaukaso mendiak iparraldeko lautadetarantz makurtzen diren magaletan lerro bat osatzen dute errepublika horiek Kaspio itsasotik hasi eta Mediterraneo-Isaso Beltzeraino, hegoaldetik tarte batean Azerbaijan eta gainerako luzera osoan Georgia kristaua daukatelarik. Ipar Kaukasoa bezala Georgia, Kaspiotik Europara eta Errusiara petrolioa ateratzeko bidean daude erdiz erdi. Zergatik ari da orain zabaltzen Txetxeniako sua ondoko errepubliketara? Errusiak nazioarteko terrorismo islamiarraren esku beltza aipatzen du, eta definizio horretan bere inguruan bildu ditu Mendebaldeko potentziak. Dena, Al Kaida eta musulman wahabien dirua. Alderantziz, askok ikusten du Kaukasoko liskar horietan Errusiak azkenaldi honetan hor egin dituen txikizioen erantzuna. Ivan Sukhov kazetariak adibidez: "Hemen, azken urteotan, ditxosozko mehatxu terrorista internazionalaren kontrako borrokak ekarri du inongo legek justifikatu ezin duen bortizkeria itsua. Hona ondorioa: gure garaipenen alboko eragina ("collateral damage") are beldurgarriagoa da erasotzen duguna bera baino. (...) Preso hartutako gizon batzuei, gehienetan haiei aurpegiratzeko erlijioarekiko zaletasunaz gain ezer ez egon arren, pedagogia handiz galdetzen zieten militar errusiarrek: `Eta orduan zer, noiz hasi behar duzue erlijioaren aldeko gerran?'. Sekula armak hartzerik pentsatu ez zuten gizon hauei horretara bultza egin nahi baliete bezala. Baina gero espero zitekeen erantzuna iritsi denean, ezustekoa handia jaso dute". Lekukotasunak ugari eta gogorrak dira. Errusiako Batzorde Islamiarraren lehendakari Geidar Djemalek salatu du: "Gure anai-arrebak arrestatu eta elektrizitatez torturatzen dituzte. Mailu kolpez lehertzen dizkiete hatzak, azazkaletan orratzak sartzen (...) Musulmanak direlako, besterik gabe". Ikus dezagun Shamil Beno-ren analisia. Txetxeniako lehen gobernu independentistan -Dudaiev lehendakariarekin- ministro izan ondoren, errusiarren aldera pasatu zen eta Vladimir Putinek indartutako Khadirov-en gizon bihurtu. Gaur Errusiako Ondare Islamiarra deitzen den mugimenduaren buruzagitzan dago, eta dio Ipar Kaukaso osoan Hamas antzeko mugimendua ari dela antolatzen. Zertan oinarrituta? "Lehen arrazoia boterearen ustelkeria da. Honek herritarrak beren kasa antolatzera daramatza beren arazoak konpontzeko". Benok Kaukaso osoan gazteak ikusten ditu kale eta plazetan bildu eta eztabaidatzen. Ordu luzez, langabezia %50az goiti dagoelako. "Inork ez du erreparatzen zertan ari diren gazte horiek". Agintea hankaz gora dago, inork ez omen du zergarik pagatzen eta ekonomia ez arautua funtzionarioei eta lekuko agintariei eskupekoak ordaintzearen gainean dago eraikita. "Erlijioa hemen funtsezkoa da, horrek mobilizatzen du" esan du Shamil Benok, eta Ipar Kaukasoan jendeak ezagutu dituen bi egitura bakarrak komunismo sobietikoa eta islama direla. Txetxeniako gaietarako Putinen aholkulari den Benok baditu arrazoi praktikoak analisi hori egiteko: Hamas beldurgarria aipatzean Errusiako erreformistei (eta Putini) laguntza eskatzen diela esan daiteke bere posizioa sendotzeko. Baina Ipar Kaukasoaren iraganean ere baditu sustraiak azken urteotako mugimendu honek. Izan ere, XIX. mendean militar errusiarrei hortzak erakutsi eta luzaz aurre egin zien Shamil buruzagiak ikuspegi islamiarra zuen eta Ipar Kaukasoa bere etnia guztiekin izaki politiko bakartzat hartzen omen zuen. 1859an menderatu zuten errusiarrek Shamil. Mende eta erdi beranduago, Shamil berri batek -Shamil Basaievek- fronte bakar batean bildu nahi ditu etnia ezberdinetako zazpi milioi ipar kaukasiarrak. Valdimir Putinek fronte bakar bateko kide legez lehertarazten ditu. Informazio gehiago: - L'Islam dans le Nord Caucase - Ipar Kaukasoa eta bere errepublikak Wikipedian - Shamil Basaiev-en aginteaz analisia - Kavkaz Center, Txeniako erresistentziaren gunea - Vremia Novostei egunkaria

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txetxenia
2011-12-05
Irregulartasun salaketa artean, aise irabazi ditu Putinen alderdiak Errusiako hauteskundeak

Atzo egin ziren Errusian legebiltzarra hautatzeko hauteskundeak. Hautatzekoak ziren parlamentuko 450 diputatuetatik 238 lortu ditu Vladimir Putin lehen ministroaren alderdiak -Errusia Batuak-. Aurreko hauteskundeekin alderatuta 77 aulki galdu ditu. Komunistak izan dira... [+]


2011-07-05
Txetxeniako nork hil zuen Natalia Estemirova?

Martxoan estreinatu zuten Qui a tué Natacha Estemirova Genevako (Suitza) giza eskubideen zinemaldian; ekainaren 14an France-2 telebistak erakutsi zuen. Kasualitatez, egun berean Moskuko auzitegi batek asketsi zuen Memorial elkarteko buruzagia: salatua zuen Estemirovaren... [+]


Eguneraketa berriak daude