Irailaren 15a orduko txertoa hartzeko prozedura abiatu ez duten langileei lan-kontratua etengo zaie, harik eta txertoa hartzen duten arte.
Irailaren 15etik aurrera, txertoa jarri ez duten eta txertatzeko prozesua abiaturik ez duten Ipar Euskal Herriko osasun langileei lan kontratua etengo zaie, eta soldata galduko dute. Behin-behinean etengo zaie lan-harremana, harik eta lan egiteko baldintzak betetzen dituzten arte. Baldintza hori txertoa hartzea izango da. Alegia, osasun langileek derigorrez hartuko beharko dute txertoa beren lana mantendu nahi izatekotan. Neurriaz irmo mintzatu da Benoit Elleboode Eskualdeko Osasun Agentziako zuzendariak: "Zenbait langilek uste izan dute hilabete batzuen afera zela, eta [Frantziako] Estatuak gibelera eginen zuela. Orain, argi dute: derrigortasuna iraunkorra izanen da, beste txerto batzuen kasuan bezala".
Datozen egunetan, Eskualdeko Osasun Agentziak osasun egituren gaineko kontrol lana egitera bideratuko ditu 200 agente, erietxeetan zein sektore librean. Txertoa hartua ez duen eta dosia jartzeko prozedura irekia ez duen langilerik atzemanez gero, inhabilitazioaz gain 135 euroko isunarekin zigortuko da, eta neurria bigarrenez urratuz gero, sei hilabeteko espetxealdiari aurre egin beharrean ikusiko litzateke.
Txertoa jartzeko prozedura martxan duten langileei urriaren 15a arteko epea luzatu zaie txertatzeko, eta bien bitartean, PCR negatiboak aurkeztu beharko dituzte lan egiten jarraitzeko.
Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera, osasun langileen %90a eta %95a artean txertatua dago. Gainontzeko %5a lana galtzeko arriskuan legoke, txertatu ezean.