argia.eus
INPRIMATU
Twitter ez da errentagarria, irabaziak bikoiztu arren
  • Twitter sare sozialak 2014ko bigarren hiruhilekoaren emaitza ekonomikoak aurkeztu ditu. Iazko emaitzekin konparatuta, diru-sarrerak bikoiztu ditu, 232 milioi euro irabaziz. Hala ere, proportzionalki, galerak handiagoak izan dira: 31 milioi eurotik 108ra pasa da urtebetean.

Judith Perez @judyjudd 2014ko uztailaren 30
Irabaziak bikoiztu dituen arren, Twitterrek 108 milioi euroko galerak izan ditu 2014ko bigarren hiruhilekoan.

Diru-sarreren gorakadan mugikorrek garrantzia handia izan dutela azpimarratu dute. Erabiltzaileen %77a smartphone bidez konektatzen da Twitterrera, eta horrek publizitate bidezko irabazien %81 dakar. Izan ere, timelinea (hasiera orria) 1.000 aldiz ikuskatzen den bakoitzean microblogging sareak 1,60 dolar irabazten du. Guztira, publizitate bidezko irabaziek %129ko gorakada izan dute.

Erabiltzaile aktiboen kopurua ere handitu dela nabarmendu dute: 271 milioi lagun dabiltza Twitterren gaur egun, 2013an baino %24 gehiago.

“Munduko hamar webgune bisitatuenen artean gaude. Lanean jarraituko dugu munduan zer gertatzen ari den jakiteko lekurik onena izaten jarrai dezagun”, adierazi du Dick Costolo Twitterren kontseilari delegatuak. Enpresaren helburua erabiltzaile kopurua handitzea dela adierazi du. Twitterren bisitari bezala sartzen direnak izena eman dezatela eta erabiltzaile aktibo bilakatu daitezela nahi dute.