Turkiako fiskaltzaren aginduz Twitter eta Youtube blokeatuta geratu dira, joan den hilabetean bahitu eta hildako Istanbulgo fiskal ohiaren irudiak zabaldu izana argudiatuta.
Guztira 166 webgune blokeatu dituzte. Ibrahim Kalin Turkiako Presidentetzako bozeramaileak aditzera eman duenez, bahiketaren irudiko "zati bat bera ere ez" erabiltzea da debekuaren helburua.
Era berean, Mehmet Selim Kiraz fiskal ohiaren bahiketako argazkia argitaratu eta zabaldu duten atari digitalei “propaganda terrorista” egitea leporatu die.
Turkiako Gobernuak lehenago ere hartu izan du salbuespenezko neurri hau. 2007tik hona Youtube behin baino gehiagotan blokeatu dute erabaki judizialak direla medio. Bideo plataforma horren eta Twitterren azken blokeoa 2014ean izan zen, udal hauteskundeen aurretik.
Ordukoan Recep Tayyip Erdogan presidentearen alderdiaren ustezko ustelkeria kasuak erakusten zituzten edukiak zabaltzeagatik jarri zioten giltzarrapoa sareari.
Bahiketa gertatu zenetik astebete baino gutxiago pasa denean etorri da debekua. Kiraz joan den martxoaren 31an bahitu zuten Herri Irailtzailearen Askapen Alderdi-Fronteko (DHKP-C) kideek. Polizia fiskala bahituta zegoen erakinera sartzean, DHKP-Cko kideak eta Kiraz bera hil egin ziren.