argia.eus
INPRIMATU
Turull Kataluniako presidente izendatzeko saioa egingo dute arratsaldean, Auzitegi Gorenean deklaratu aurretik
  • Jordi Turull inbestitzeko saioa egingo dute ostegun arratsaldean. Auzitegi Gorenak Turulll eta beste bost diputatu ostiralerako zitatu ostean, Roger Torrent Kaluniako parlamentuko presidenteak ezohiko hitzordua jarri du ahal bezain laster Turull presidente izendatzeko. JxCATek eta ERCk alde bozkatuko dute. Ikusteko dago zein izango den CUPen jarrera. Llanerak berriz espetxeratu dezake Turull, behin-behinean bada ere.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko martxoaren 22a

Junts per Catalunyak eta Ezquerra Republicanak argi dute Turullen hautagaitza baina CUPen babesa funtsezkoa da kontseilari ohia presidente izateko. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da bilkura. Alderdi antikapitalistak ez du, ordea, begi onez ikusten Turull Generalitateko buru izendatzea bere iragana dela eta. Jordi Puyolen konfiantzazko gizonetako bat izan zen Turull eta Cas Palau ustelkeria auziarekin zerikusia izan zuen edo ez argitzeko dago oraindik. Heri mugimenduek ere ez dute ahaztu 2011n, M15 mugimenduaren baitako ekintzaileen aurka deklaratzearen ondorioz, hainbat  lagun kartzelan sartzeko arriskuan jarraitzen dutela.

Llanera epaileari erantzuteko asmoz deitu du ezohiko bilkura Torrente. Asteazken goizean Turullek eta beste 27 lagunek Auzitegi Gorenean deklaratzeko mezua jaso baitzuten. Carme Forcadell parlamentuko presidente ohia, Raul Romeva, Josep Rull eta Dolors Bassa kontseilari ohiak dira, besteak beste, ostiralean epailearen aurrean jarri beharko direla denak.

Goitik behera aldatu edo bere horretan jarrai dezake egoera politikoa Katalunian. Llanera epaileak matxinada delituz egozten badie, behin behineko espetxealdia ezarri eta kargu publikoa izateko eskubidea galduko luke Turullek. Hala dio, Auzipetze Kriminalaren Legeko 505. Artikuluak. Hala ere, Auzipetze Kriminaleko Legearen 384 bis artikuluak dio behin-behineko espetxealdia dagoen edonori kargu publikoa etengo zaiola kartzela zigorrak iraun bitartean. Gauzak horrela, bi aukeretako bat gertatuko balitz, presidente postua ez ezik, parlamentari izateari ere uko egin beharko lioke Turullek. Behin presidente izendatuta, aldiz, Llanerak hartu dezakeen neurria erabaki politikotik gertuago legoke, erabaki juridikotik baino.