argia.eus
INPRIMATU
Turkiako Gobernuak egindako azken atxiloketak salatu dituzte munduko hainbat herrialdetan
  • Herrien Alderdi Demokratikoko (HDP) hamabi kide eta Cumhuriyet egunkariko bederatzi kazetari atxilotu ditu Turkiako Gobernuak azken astean. Hori salatzeko protestak egin dira munduko hainbat hiritan.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 08a
Turkiako Gobernuak egindako azken atxiloketak salatu dituzte munduko hainbat herrialdetan. (Arg: Efe)

Herrien Alderdi Demokratikoko (HDP) bi presidenteak atxilotu ditu Turkiak azaroaren 4an, Figen Yuksekdag eta Selahattin Demirtas. Horiekin batera, alderdiko beste hamar diputatu ere atzeman ditu poliziak. Barne Ministerioak adierazi duenez, Kurdistango Langileen Alderdiaren (PPK) esanetara jardutea egozten zaie.

Kurduen kontrako jazarpena salatzeko hainbat protesta egin dira Ipar Kurdistanen azken egunotan, liskarrez eta atxiloketez josita egon direnak. Dersimen, esaterako, hainbat gune bonbardatu ditu armadak. Eta Istanbulen dozenaka manifestari atzeman ditu poliziak, negar gasak erabili ostean.

Protesta modura, parlamentutik erretiratzea erabaki du HDP alderdiak. Izan ere, historian demokraziari egin zaion “erasorik ilunena” dela adierazi du. Horren harira, iluntasuna argitzeko pospolo edo kandela bat nahikoa dela esan du Selahattin Demirtasek. Eta “askatasun eta demokraziarako itxaropen bakarra” HDP dela azaldu du Figen Yuksekdagek.

Turkiako Cumhuriyet egunkariko zuzendaria eta zortzi kazetari ere espetxeratu dituzte azaroaren 5ean, PPKren gerrilla babestea eta bultzatzea leporatuta. Horren harira, Turkiako Gobernuak “informazio eskubidea ezabatu” nahi duela adierazi du Baris Yarkadas Alderdi Errepublikanoko diputatuak.

Politikari eta kazetarien atxiloketen aurrean, Turkiaz gain, munduko beste hainbat herrialdetan ere elkarretaratze eta manifestaldiak egin dira. Atenasen, esaterako, Turkiako enbaxadaren aurrean egin dute agerraldia. Alemaniako hiri nagusietan ere protestak izan dira. Baita London, Mosku, Zurich eta Bilbon ere, beste batzuen artean.

Turkia estatu kolpetik

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen aurkako estatu kolpea eman zuten uztailean. Ordutik, 180 zinegotzi eta alkate eta 300 ordezkari kurdu atxilotu dituzte, propaganda terrorista egitea leporatuta.

HDPren eskuetan zeuden 24 udalerri ere bereganatu ditu Erdoganen gobernuak. Alderdiko 59 diputatuetatik 56 daude auziperatuta. 510 prozesu judizial batzen dituzte denen artean, gehienak “presidentea iraintzea”, “antolakunde terroristaren aldeko propaganda egitea” eta “talde armatuarekin kolaboratzea” egotzita.

Horrez gain, hamasei egunkari, prentsa agentzia bi, irrati bi, telebista kate bat eta hiru aldizkari ere itxi ditu Turkiako Gobernuak, “Estatuaren kontrako jarrera duten talde terroristekin loturak izateagatik”.