Asteazkenean bonba-auto bat leherrarazi zuten militarren autobus batzuen aurka Turkiako hiriburuan. 28 hildako eta 60 zauritu baino gehiago eragin ditu erasoak.
Recep Tayyp Erdogan presidentearen erantzuna argia izan da: "Ez gara lotsatuko gure burua defendatzeko eskubidea erabiltzeaz, edozein unetan eta edozein tokitan". Ustez PKKrenak diren kanpamenduak bonbardatu ditu armadak Iraken menpeko Kurdistanen, ostegun goizaldean.
Turkiako lehen ministroak, Ahmet Davutogluk, YPG eta PKK miliziei egotzi die Ankarako erasoa. Davutogluk adierazi du autoritateek lortu dutela erasoaren egileak identifikatzea: lehen ministroaren arabera, YPGko kide bat da erantzule zuzena, baina PKK-k ere parte hartu du.
PKK-ko goi karguetako batek, Cemil Bayik, adierazi du ez dakiela ezer erasoari buruz, baina azaldu du "Turkia Kurdistanen egiten ari den sarraskiaren erantzuna izan daitekeela”. HDP koalizioak eta Kurdistango beste eragileek salatu dute azken asteotan armadak gogortu egin duela errepresioa. Adierazgarria da Cizre barrutian gertatutakoa; Firat agentziak jaso duenez, hamaika gorpu aurkitu dituzte asteazkenean, eta guztira 242 pertsona hil dituzte barruti horretan azken bi hilabeteotan.
YPGk ofizialki ukatu du atentatuarekin zerikusirik eduki izana, Firat agentzia kurduak zabaldu duenez. YPGko arduradunetako batek, Salé Muslimek, ukatu egin du beraiek Turkiara “bala bakar bat” ere bota izana, eta baieztatu du Turkiako Gobernuak bere “erasoaldia areagotu” nahi duela Siriaren menpeko Kurdistanen. Siriako mugan dauden tropa turkiarrak etengabe erasotzen ari dira Siriako ipar ekialdean dauden milizia kurduak.
Asteazken goizean bigarren atentatu bat izan zen Turkian, Amed eta Bingol probintziak banatzen dituen autobidean. Lehergailu bat zartarazi zuten konboi militar baten aurka, eta zazpi soldadu hil ziren, Firat agentzia kurduaren arabera. Era berean, asteazken iluntzean leherketa handi bat izan zen Ankara erdialdean; bost pertsona hil ziren, eta hamar zauritu.