argia.eus
INPRIMATU
Turkiak Errusiako gerra hegazkina bota du
  • Turkiako armadako bi F-16 hegazkinek errusiar hegazkina bota dute astearte goizean Siriako mugan, bere aire espazioan sartu dela salatuz.

ARGIA @argia 2015eko azaroaren 24a
Astearte goizean Turkiak bota duen errusiar hegazkina. Astearte goizean Turkiak bota duen errusiar hegazkina.

Armada turkiarrak azaldu duenez, 9:20etan hamar aldiz jakinarazi diote errusiar hegazkinari Turkiako aire espazioan zegoela eta bertatik ateratzeko, kasurik egin ezean eraso egingo ziotela mehatxu eginez. Azkenean, eraso egin eta bota egin dutela azaldu du gobernu turkiarrak.

Errusiako RIA agentziak botatako hegazkina errusiarra dela baietsi du, bonbaketari gisa aritzen den SU-24 motakoa, eta Errusiako Gobernuaren iturriak aipatuz, ukatu egin du hegazkina Turkiako aire espazioan sartu denik.

Siriako iparraldeko Yayladagi hiri inguruetan gertatu da erasoa. Azken egunetan, Siriako eskualde turkomano horretan gobernuaren aurka ari diren matxinatuen aurkako eraso ugari egin ditu airez errusiak. Turkiak behin eta berriro adierazi dio bonbardaketa horiek eteteko, baina Moskuk uste du zilegi direla, Siriako lurretan ari delako. Gora doan tentsio giro horretan gertatu da Turkiak SU-24 errusiarra  botatzea. Hegazkina Siriako lurrean erori da, Turkiako mugatik bost kilometrora.

SU-24. pic.twitter.com/bc3RUQ7mAm