"Turkia geroz eta autoritarioagoa bihurtzen ari da, bereziki herri kurduarekin"

  • Newroz izeneko kurduen egun handira joan da Igarki de Robles, Euskal Herriko delegazio internazionalistako kidea Turkian, kurduekiko elkartasuna adieraztera.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko maiatzaren 02an - 09:08
Igarki de Robles, ordezkaritza internazionalistako kidea (Arg: Arabako Alea)

Newroz izenarekin ezaguna da kurduen egun handia, Turkiako Amed hirian ospatzen dena. Kurduekin bat egin eta elkartasuna adierazteko izan da Igarki de Robles. ALEA Fm irratsaioan eman du horren berri.

Zein da Kurdistango testuinguru geopolitikoa?

Munduko estaturik gabeko naziorik handiena da, eta lau estatutan banatuta dago: Turkia, Siria, Iran eta Irak. Lau estatu oso ezberdin direnez, errealitatea oso ezberdina da estatu bakoitzean. 40 bat milioi kurduk osatzen dute Kurdistan, eta betidanik borrokatu dute autonomia eta independentzia lortu ahal izateko. Beste autonomia-esperientzia batzuk badaude: Siria iparraldean eta Iraken adibidez, baina beraien burujabetza lortzeko urrun daude. Errealitate konplexu horretan, Kurdistanek herrialde bezala batasun bat izateko bereziki zaila du.

Aurreko urteko irailean kurduek autorizaziorik gabeko erreferendum bat ospatu zuten eta baiezkoak irabazi zuen. Zergatik ez da oraindik Kurdistan estatu independentea?

Kurdistani ez zaio inoiz aitortu burujabetzarik, menpean duten estatuei ez zaielako interesatzen ez arrazoi ekonomikoengatik, ez arrazoi geopolitikoengatik. Iraken petrolio asko dagoenez, Iraki ez zaio interesatzen kurduak independenteak izatea oil-erreserbengatik. Gaur egungo Kurdistan antzinako Mesopotamian dago kokatuta; hortaz, herri estrategikoa da, bertan merkataritza-ibilbide asko pasa izan zirelako eta pasatzen direlako. Hortaz, joku geopolitikoetan Kurdistan truke-txanpona izaten da.

Nolakoa da Newroz-a, kurduen ospakizuna?

Newroz egunaren oinarria antzinako zoroastrismotik dator. Zoroastrismoa erlijio aurreislamiko bat da, eta pertsiarren egutegiko urte berria ospatzen dute kurduek Newroz egunean. Hasieran ospakizun erlijiosoa zen, baina azken hamarkadetan kurduentzat egun nazionala bilakatu da, non festa eta aldarrikapena lotzen diren. Kurduentzat oso egun garratzitsua eta sinbolikoa da, aipatutako estatuek ez diotelako inoiz ezer aitortu Kurdinstani. Horregatik ospakizunaz baliatu dira beren eskubide nazionalak eta sozialak aldarrikatzeko.

Kurdistanera sartzeko oztopo handiak izan zenituzten?

Turkiara joan ginen, baina estatu hori pixkanaka-pixkanaka diktadura bat bihurtzen ari denez, hainbat segurtasun-neurri hartu genituen, eta ez genuen arazorik izan bertan sartzeko. Turkian presentzia poliziala itogarria zen, eta, neurri batean, zapalkuntza hori pairatu genuen. Kontrol ugari dago Turkiako Kurdistan osoan: Amed-era heldu baino lehen, egun bat pasa genuen Istanbulen, eta hor bertan identifikatuak izan ginen. Ameden astebete egon ondoren, zenbaezinak izan ziren pasaportea eskatu ziguten aldiak.

Nola bizi zenuten Newroz eguna Amed hirian?

Euskal Herriko ordezkaritza moduan joan ginen, eta jarri gintuzten beste herri batzuen parean, hala nola Norvegia, Alemania, Italia eta Frantziarekin. Euskal Herriko ordezkaritzakook garrantzi berezia eman genion harrera on horri, beste herrialdekoek gure nazio-izaera aitortu zutelako. Newroz egunean, martxoaren 21ean, ordubete kostatu zitzaigun ospakizunaren gunera heltzea, lau kontrol pasatu behar genituen eta. Boligrafoekin eta zapiekin sartzea badirudi arriskutsua zela, eta konfiskatu zituzten. Oso hunkigarria izan zen milaka pertsona ospakizunean bilduta ikustea, batez ere urtean behin beraien nazio identitatea azaleratu eta aldarrikatu ahal izateko. Bertan dantzak, kontzertuak eta hitzaldi politikoak egon ziren. Ospakizun honetan askatasun puntu bat behintzat lortzen dute.

Zein da biztanleriaren iritzia?

Herritarrek beldurra dute, ezin dute beren kolore nazionalekin zapirik eraman; ezta manifestazio edo mobilizaziorik egin ere. Nahiz eta orain kurduera debekatuta ez egon, arazoak izan ditzakete kalean hitz egiteagatik. Begi-bistakoa da errepresio bortitza dagoela eta herritarrak oso jazartuta daudela. Kaleko presentzia poliziala handia da, eta honek herritarrei ez die segurtasunik ematen. Turkia geroz eta autoritarioagoa bihurtzen ari da, bereziki herri kurduarekin.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude