argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Turista ala diruduna

Leire Artola Arin 2023ko uztailaren 10a
Hondarribiako aireportuak 2022an 913 hegaldi pribatu erregistratu zituen, inoizko gehien.

Udako oporraldiko “irteera operazioa” hasi da Euskal Herrian. Autoz, hegazkinez, bizikletaz, autokarabanaz, itsasontziz... baina kanpora, eta posible bada ahalik eta urrunen. Etxeko miseriak armairuan ezkutatu, maleta gurpilduna alboan hartu, eta “eguraldi ona” egiten duen tokiren batera alde egiteko dira oporrak, gehiengoari galdetuz gero. Noski, gehiengo hori da diru “inbertsio” edo “xahuketa” hori –nondik begiratzen den– egiteko gai den herritar multzoa.

Eta “irteera operazioa” orekatzeko edo, hona ere badatoz “bisitariak”. Autoz iristen dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara etortzen diren turisten %67, eta garraio kolektiboaren kasuan, hegazkina da erabiliena (%17,5), Eusko Jaurlaritzako Ibilturren 2022ko udako datuen arabera. Azken hori da, hain zuzen, garraiobiderik kutsagarriena eta ingurumenerako kaltegarriena, gurutzaontziarekin batera, Munduko Turismo Erakundeak eta Nazio Batuen Programak zehazten dutenez.

Atmosfair.de Alemaniako GKEak zehatz kalkulatzen du zenbat karbono dioxido isurtzen den atmosferara hegazkin bidaia bakoitzeko: Bilbotik Mallorcara pertsonako 247 kilogramo CO2, Miarritzetik Erromara 577 kilogramo, eta Iruñetik Filipinetara 7.320 kilogramo pertsonako –ez hegazkineko–. Hemen arrakala: lehen klaseko hegaldien kasuan, bikoiztu baino gehiago egiten da kutsadura. The Guardian egunkariaren analisi baten arabera, distantzia luzeko hegaldi bakoitzak isurtzen duen CO2a da herrialde batzuetako pertsona bakarrak urte osoan isurtzen duen kopuru bera.

Beste kontu bat dira jet pribatuak. Uztaila hasieran El Diario Vasco egunkarian albiste izan da Hondarribian 100.000 euroko jet pribatu bat lurreratu dela, New Yorketik zuzenean iritsia, “familia aberats” bat gurera ekartzeko. “Turistifikazioa, elitizazioa eta kalte ekologikoa erakunde publikoen babesarekin eta DVren propagandarekin”, salatu du Bizilagunekin plataformak.

Nork egiten du kalte ekologikoa? Turistek? Multinazionalek? Geuk? Badago era jasangarrian bidaiatzeko modurik? Marka da gero, oporretan ere langile klasea klima aldaketaren eta turistifikazioaren arduradun sentitzea, aberaskumeak eta milioidunak jet pribatuak hartzen ari diren bitartean, egunpasak egiteko Donostiako su artifizialak ikustera edo Subijanaren Akelarre jatetxean mokadua egitera, helikopteroa atarian aparkatuta.