Turismoaren kalteak hiri-ereduarekin lotu ditu Sortuk eta salaketarako ordua dela defendatu

  • Turismo ereduaren inguruko eztabaidaren harira, Sortuk irakurketa plazaratu du. Turismoa zuzenean hiri-ereduarekin lotzen du alderdi independentista ezkertiarrak.

ARGIA @argia
2017ko abuztuaren 04a
Turistak Donostiako turismo bulegoan.

Azken urteetan Donostia bisitatzen dutenen kopurua asko hazi dela eta beren ustez horrek eragindako kalteak zerrendatu dituzte, hala nola, etxebizitzaren arazoa, enpresa transnazionalen presentzia gero eta handiagoa, kultu ekimenen helburua atzerritarrak izatea eta hiriko espazioen ber-ordenatzeak, besteak beste.

"EAJ, PSE eta PP turismo industria basatienari ateak zabaldu eta alfronbra gorria jartzeko lanean ari dira", salatu dute, baita herritarrei zuzendutako "propaganda kanpaina etengabean gutxi batzuen interesak donostiarron interesekin nahastu" nahi dituztela ere.

Beren ustez "geroz eta zailagoa da duintasunezko bizi-baldintzak bermatzea Donostian" eta beharrezkoa da "propaganda kortinaren atzean ezkutatzen dutena agerian uztea eta erantzuleen benetako aurpegia ikustaraztea".

Azkenik, komunitateak sendotu eta antolaketan indarrak jartzera dei egin dute. "Herri-eragileek eta ekimen komunitarioek funtsezko papera jokatzen dute. Auto-antolaketa bidez lor dezakegu gutako bakoitzaren eta ingurukoen bizi-baldintzak hobetzea".

Irakurri Sorturen irakurketa osorik

Turismoaren fenomenoa aspaldidanik da ezaguna Donostian. XIX. mendean zabaldu zenetik aurrera, hiriko bizitza sozialean eta donostiarren bizi-baldintzetan eragin zuzena izan du. Izan ere turismoa hiri-ereduarekin zuzenean lotzen den gaia da: hiriaren ehun-ekonomikoa, nortasuna, espazio publikoaren konfigurazioa eta herritarren bizi-baldintzez ari gara. Hiri-mailako eztabaida zabalaren ordua da. Eztabaida honen bidez sortutako konplizitate eta aliantzak bestelako hiri-eredua eraikitzeko indarrak metatzeko balioko digute; azken finean, herritarrak oinarrian dituen hiri ireki eta abegikorra eraikitzeko.

Azken urteetan, Donostia bisitatzen duten pertsona kopurua asko hazi da eta zenbait ondorio kaltegarri nabarmen handitu dira:

  • Dagoeneko larria zen etxebizitzaren arazoa areagotzea ekarri du. Espekulatzaileek hiriko higiezin ahalik eta gehien erosteko estrategia basatia martxan dute. Apartamentu turistikoen ugaritzeak hiriko alokairuzko etxebizitza merkatua lehertu du.
  • Hiriaren erdigunea transnazional kapitalisten eskuetan geratzen ari da.
  • Turista gehien pilatzen diren guneetan prezioen igoera oso handia eman da; prezio altuak, Donostia bisitatzen duen turista profilaren errentari egokitutakoak. Honela, gune horiek erabat ukatzen zaizkie donostiar asko eta askori.
  • Kultur ekimen publikoak bisitariak erakartzeko helburuaren arabera planteatzen dira; sorkuntza lanak marketing tresna gisa soilik dira baloratuak, produktuak edo hiria bera saltzeko baliagarritasunagatik. Gauza bera gertatzen da euskara eta kultura herrikoiaren elementu ororekin.
  • Donostiako hiri-espazioak ber-ordenatzen eta diseinatzen dira, kapital irabazia handitu eta kontsumoa sustatzeko irizpide arabera soilik. Horri lotuta dago, esaterako, ondare arkitektonikoaren suntsiketa, operazio urbanistiko errentagarriagoen mesedetan; edo kaleetan negozioak hedatzeko jartzen diren erraztasunak.

Turismo industriaren nazioarteko marrazoek hiria, bere espazioak eta bere nortasuna erosi nahi dituzte espekulatu, zukutu, erabili eta botatzeko. Bertako kapitalak ere aurkitu du bere lekua higiezinen eta ostalaritzaren sektoreetan jabetzak pilatuz, besteak beste. EAJ, PSE eta PPk, gobernatzen dituzten erakunde guztietatik, turismoaren industria basatienari ateak zabaldu eta alfonbra gorria jartzeko lan egiten dute. Aldi berean, herritarroi begira propaganda kanpaina etengabean dihardute gutxi batzuen interesak donostiarron interesekin nahastu nahian.

Eta herritarren artean eztabaida pizturik dago. Turismoak onura besterik ekartzen ez duela esaten diguten honetan, donostiarrak, ohartzen ari gara gero eta zailagoa zaigula gure hirian bizitzea. Aipatutako kalteek Donostiatik bota gaitzaketen indarrak sortzen dituztela; gero eta zailago zaigula duintasunezko bizi-baldintzak bermatzea hiri honetan; bizilekua ordaintzeko ahalegin ikaragarria egin behar dugula, ezinezkoa askotan;  prezioak ez direla gure soldata eta pentsioekiko proportzionalak; prekarietatea eta behin-behinekotasuna direla sortzen den enpleguaren ezaugarriak; auzoetako komunitate-harremanak ahultzen eta arriskuan jartzen ari direla; gure hirian arrotz eta deseroso sentiarazten gaituztela gero eta gehiagotan.

Hasieran esan bezala, indarrean dagoen turismo-ereduaren kalteez ari garenean, hiri-ereduaz ari gara. Donostiarron bizimodua da jokoan dagoena: gure beharrak; gure bizitzen gain erabakiak hartzeko dugun burujabetza, azken finean. Horregatik, bizitzaren eremu askotan eragiten diguten ondorio hauei, erantzuna ere hainbat eremutatik eman beharko diegu.

Lehenik eta behin salaketarako ordua da. Turismo eredu oker honen esku hartze agresiboenak pairatzen dituzten zonalde eta sektore sozialetako herritarren pazientzia agortu eta haserrea agertu da, kasu batzuetan. Bertako eta nazioarteko kapitalaren jabeek eta hauei bidea zabaltzen dieten indar politikoek gutxiengo baten interesen mesedetan lan egiten dute, herritarron gehiengoa kaltetzen duten bitartean. Propaganda kortina koloretsuaren atzean ezkutatzen dena agerian uztea lehentasuna da eta erantzuleen benetako aurpegia ikusaraztean jarri behar dugu indarra.

Erakunde publikoetan ere badago zer egina. Indarrean dagoen ereduari mugak jarri, sortzen dituen kalteei erantzun eta eredu berri baten norabidean alternatibak planteatzeko unea da. Hiri-ikuspegi integralarekin jokatzeko ordua da, Donostian lan eta bizitzeko baldintza duinak bermatzeak gidatu behar gaitu, beste ezeren aurretik.

Eta azkenik, komunitate mailan egin beharreko lana dugu. Herritarrok, epe-motzeko etekin ekonomikoen aurretik arduraz jokatu eta gure ingurune sozialaren garrantziaz eta balioaz jabetu behar dugu. Elkar zaintzen duten komunitate ahalik eta sendoenak soilik dira hirira heldu dena bezalako olatua gainditzeko gai. Gure bizimoduaren alderdi guztiak merkatuaren baitan kokatu nahi dituzten indarren aurrean, antolaketak babesten gaitu. Donostiar bakoitzak dituen behar ekonomikoak, sozialak, emozionalak, elikadurakoak, kulturalak, osasun arlokoak, energetikoak edo dena delakoak, komunitatean, era kolektiboan, lantzera jo behar dugu. Herri-eragileen eta ekimen komunitarioek funtsezko papera jokatzen dute horretan. Auto-antolaketa bidez lor dezakegu gutako bakoitzaren eta ingurukoen bizi-baldintzak hobetzea. Gertukotik eta txikitik abiatuz, bakoitzak ahal duen ekarpena eginez, sortuko dugu merkatuaren arauetatik kanpo funtzionatzen duen sarea gero eta handiagoa, gero eta trinkoagoa izatea. Eta sare hori da, gure hiria lapurtu eta bertatik kanporatu nahi gaituzten honetan, hiri-eredu justuagoa, bizigarriagoa, eraikitzeko oinarria.

Antolakuntzaz, burujabetza osoa!

Donostiako SORTU

2017ko abuztua

 

 

Kanal hauetan artxibatua: Turismo masiboa  |  Sortu  |  Donostia

Turismo masiboa kanaletik interesatuko zaizu...
2017-12-01 | Uriola.eus
Turismoaren ondorioak eta erantzun posibleak aztergai Bilbon

Turismoak hiriak eta, batik bat, erdigune eta alde zaharrak eraldatu ditu azken urteotan Bilbon, Donostian eta beste hamaikatxo herri eta hiritan. EH Tourist plataformak ostiralean eta larunbatean antolatu dituen jardunaldietan turismoaren inguruan hausnar egitera gonbidatu ditu hainbat lagun kiritiko.


2017-11-19 | Axier Lopez
"Masifikazio turistikoak nazioartean anti-eredu bilakatu du Bartzelona"

Andrés Antebi eta Claudio Milano Bartzelonako antropologoak Turismografías proiektuaren sortzaileak dira, Venezia, Lisboa, Costa Brava eta Mallorcako beste lau kiderekin batera. Proiektu horren bitartez, turistifikazioaren inguruan sortutako herri mugimendu eta borrokak datuz eta tresnaz hornitu nahi dituzte, eremu akademikoko mugak gaindituz. Gisa honetako proiektuak giltzarri izan dira Bartzelonan orain dela gutxi arte ukiezina zena ezbaian jartzeko: Denis Itxasoren hitzetan... [+]


2017-11-08 | Unai Brea
Arma esportazioaren eta migratzaileei hesiak jartzearen aurkako protesta Bilboko Portuan

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deituta, Bilboko Portuaren politiken kontra protesta egiteko hainbat lagun bildu dira Getxoko gurutzontzien kaian, portuko Plan Estrategikoa aurkezten ari ziren bitartean. Armak esportatzea eta migratzaileei trabak jartzea salatu dute besteak beste.


Turismoa, babofobia eta errepublika

Udako gaia izan da. Auzotarren purrustadekin batera, Ernai-ko neska-mutilek –interes politikoak tartean jakina– turismo ereduaren aurka kanpaina abiatu eta, arrapaladan, artikulu, elkarrizketa, adierazpen uholdea gertatu zen: Ama maite turismoa, egiguzu lagun kantatu zuten aho batez gure agintariek.

Masa turismoak –horretaz ari baikara noski–, ordea, adituen ikuspuntutik, ez du dena bere alde. Epe laburrean diru irabazi handiak uzten omen ditu poltsa pribatuetan. Eta... [+]


"Bartzelonan, gaur egun, ezinezkoa da turismo jasangarria"

Turismoaren arazoa bere gogorrenean bizi duen lekuetako batetik dator Daniel Pardo: Bartzelonatik. Donostian irailaren 29 eta 30ean egin dituzten Turismoaz Pentsatzeko Topaketa Herritarretan izan da, Turismo Jasangarriaren aldeko Auzoen Asanbladako kide baita, ABTS katalanezko sigletan.


2017-10-15 | Miren Artetxe
Venezia sindromea eta disoziazio-ihesa

Turismoa, kontzeptu gisa, ez dago modan. Aski ezagunak dira, dagoeneko, turismo masiboaren aurkako argumentuak. Ikasi dugu, ikusi dugulako, hiperturistifikazioak  gure auzoetako alokairuen prezioak igoarazten dituela, komertzio arruntak turistei bideratutako denda bilakatzen dituela, eta turistentzako zerbitzuetan lan egiten dutenen lan baldintzak prekarioak izaten direla. Ikusi ditugu turista samaldak hiriko espazioak irabazten –alegia, guri galarazten, hitzaren bi... [+]


"Bartzelonan, gaur egun, ezinezkoa da turismo jasangarria"

Bartzelonatik dator Daniel Pardo, turismoaren arazoa bere gogorrenean bizi duen lekuetako batetik. Asteburuan Donostian egingo dituzten Turismoaz Pentsatzeko Topaketa Herritarretara gonbidatu dute, Turismo Jasangarriaren aldeko Auzoen Asanbladako (ABTS katalanezko sigletan) kide baita. Berarekin mintzatzeko aukera izan du ARGIAk.


"Europako hirien sarea osatzen ari gara, industria turistikoari nazioarte mailan aurre eginez"

Nazioarteko Turismoaren Eguna dela eta Bartzelonako Assemblea de Barris per un Turisme Sostenible (ABTS) kolektiboak oharra kaleratu du. Egoera txarra izan arren, ospatzekoak ere badaudela azpimarratu nahi izan dute, tartean Donostiak turismoari aurre egiteko duen herri mugimendua txalotuz.


2017-09-26 | ARGIA
Turismoarekin lotutako protestak izan dira asteburuan Venezian, Palman eta Donostian

Turismoaren gaiak zeresana ematen jarraitzen du. Asteburuan protestak eta mobilizazioak izan dira hainbat lekutan: Venezian (Italia) gurutzontzi handien aurkako No Grandi Navi protesta eta ekimenak egin dituzte bi egunez, Palman (Herrialde Katalanak) "Nahikoa da, honaino heldu gara" manifestazioa eta Donostian hotel baten eraikuntzaren aurka etxebizitza bat okupatu dutela jakinarazi dute.


2017-09-25 | ARGIA
Etxebizitza bat okupatu dute Donostian hotel baten eraikuntzari erresistentzia egiteko

Donostiako Alde Zaharrean hainbat herritarrek etxebizitza bat okupatuta daukate joan den ekainetik, hotel berri baten eraikuntza gelditzen saiatzeko. Larunbatean egindako prentsaurrekoan jakinarazi eta erresistentziarako deia egin dute, nabarmenduz, Udalak ez duela sinatu azken baimena.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude