COVID-19-aren krisiak munduko turismo-industriaren desazkunde behartua ekarri du. Hala ere, trantsizio horren eragin sozialei heltzeko, beharrezkoa da adostutako plangintza bat.
Duela hilabete gutxi batzuk, ugari ziren komunikabideetan "saturazio turistikoari" (overtourism) buruzko eztabaidak. Mundu osoko jomuga herrikoietara geroz eta turista gehiago joatea gatazkak eta kexak sortzen ari zen tokian tokiko herritarren artean, bereziki, turisten etorrerak bertakoentzat etxebizitzarako sarbidea garestitu eta oztopatzen zuelako. Gaur egun, istant batean, dena aldatu da. Munduko turismo-industria kolpetik gelditu da, eta ondorioz, saturazio turistikoaren ordez, orain deskubritu dugun "azpi-turismoa" (undertourism) bihurtu da kezka. Lehen oso marginala zen egoera honek mundu osoko ekonomiari eta gizarteen etorkizunari egingo dio mehatxu.
Turismoaren desazelerazioaren eskala eta ondorioak imajinaezinak dira. Definizioaren arabera, turismoa munduko industriarik handiena kontsidera daiteke. Nazio Batuen Turismoaren Mundu Erakundeak dio, adibidez, turismoak munduko BPGaren %10 ordezkatzen duela, eta, beraz, 10 enplegutik 1 mundu osoan turismoarekin lotua dela. Diru sarrera nagusiak turismoaren menpe dauzkaten lekuak, Bali kasu, dagoeneko hondamendi ekonomikoa pairatzen ari dira. Airbnb gisako etxebizitzen alokairu turistikorako plataformak ere geldialdian sartu dira.
Atzeraldi honek turismoarekin loturiko 50 milioi enplegu desagerrarazi ditzake mundu osoan
World Travel and Tourism Council-ek iragarri duenez, COVID-19aren pandemiak eragindako atzeraldiak turismoarekin loturiko 50 milioi enplegu desagerrarazi ditzake mundu osoan, AEBetako industriarentzat 24.000 milioi dolarreko galerak eraginez. Geldialdi turistiko honen eraginak mundu osoan hedatuko dira, turismoa beste industria garrantzitsu batzuekin konektatuta baitago, hala nola aireko garraioarekin, petrolioaren erauzketarekin, ostatuekin edo merkataritza minoristarekin.
Hala ere, aipuak dioen bezala, krisi oro aukera ere bada. Naomi Kleinek ohartarazi gisara, indar menderatzaileak saia daitezke probetxua ateratzen gaur egun bizitzen ari garen egoeratik, hondamendi-kapitalismoaren eskuliburu ezaguna praktikan jartzeko aitzakia gisa. Formula horrek korporazio handien pribatizazio eta kontsolidatzea bultzatzen du, aurretik ere ikusi genuen, 2004ko tsunamiaren ondoren nola jokatu zuten batzuek Asian turismoa berreraikitzerako orduan. Gaur egun, aire-konpainiek, hotel eta berreraikuntza enpresek bateko eta besteko erreskate paketeak berenganatzeko dituzten presek, hondamendi-kapitalismoaren mostra berri bat ematen digute.
Aldi berean, badago aukera krisi honetatik bestela ateratzeko ere, eta hori ezinbestean da eliteei ez utziz bereganatzen oraindik eta gehiago. Gainerako guztiok geure espazioen eta gizarteen kontrola berreskuratzeko balia dezakegu egoera. Gure kezka nagusia saturazio turistikoa zenean, "desazkunde turistikoa" zen babes handiena zuen proposamena, desazkunde orokorrago baten trantsizio gisa ulertuta. Blogean jorratu izan dugu gai hau lehenago ere, baita Journal of Sustainable Tourism aldizkariaren ale berezian ere, zeina liburu gisa argitaratuko den.
"Desazkunde turistikoa” zen babes handiena zuen proposamena, desazkunde orokorrago baten trantsizio gisa ulertuta
Garrantzitsua da nabarmentzea, degrowth.info-ko talde editorialak azaldu bezala, egungo atzeraldi globala ez dela nahastu behar desazkundearekin. Desazkundeak berariaz hautatutako uzkurtze planifikatua eskatzen du, pandemiak inposatu digun erreakzio zatikatu eta desordenatuaren ordez. Baina argitaletxeak adierazi gisara, krisiak erakusten du desazkundea posible bezain beharrezkoa dela.
Hori bereziki da egia turismo-industriari dagokionez. COVID-19aren krisia laster samar amaitzen bada ere, ezin dugu aurretik izan ditugun bidaia-ohituretara itzultzeko luxua hartu, batez ere munduko biztanleriaren zatirik aberatsena garenok. Ez bakarrik saturazio turistikoak eragiten duen ondoeza sozialagatik, baizik eta industria horrek eragiten dituen ingurumen kalteengatik –klimaren berotzea, kutsadura edo baliabideen agortzea–, aurretik horra ari gintuzten eramaten eta ez da jasangarria.
Termino ekonomiko eta sozialetan kostu handia izaten ari den arren, COVID-19aren krisiak inpaktu horietako asko nabarmen murriztu ditu, eta oso azkar gainera. Beraz, une hau erabili behar dugu planifikatzeko nola murriztuko dugun turismoa guk geuk aukeratuta eta modu proaktiboan, egungo krisitik harago eta gizarte osoaren desazkunde gisa. Postkapitalismora heltzeko bide gisa ulertuta.
Krisi hau laster amaitzen bada ere, ezin dugu aurretik izan ditugun bidaia-ohituretara itzultzeko luxua hartu
Gaur egungo krisiak ahalegin horri eusteko zenbait ikasgai eskaintzen dizkigu. Lehenik, erakutsi digu zenbaterainoko dependentzia garatu duen munduko ekonomiak erabat lurrunkorra den industria turistikoarekiko. Hau ez dugu turismoak lurralde batzuetan duen zentralitateari begira soilik ulertu behar; mundu mailako ekonomiari dagokion ikuspegian baizik. David Harveyk azaltzen duen moduan, gaur egungo kapitalismoaren hazkunde eredua oinarritzen da etengabe intentsitatearen eta abiaduraren handitzean, uneoro inbertitutako kapitalaren fakturazio epea murriztuz. Turismoa, unean une kontsumitzen diren esperientzia iragankorrak saltzen dituen industria denez, eredu honen elementu zentraletakoa da.
“Gizarte garaikidean, zergatik sentitzen gara etengabe behartuta beti mugimenduan egotera, izan jarduera batetik hurrengora, izan kontinente batetik bestera, bost eguneko oporrak egiteko?". Degrowth.info-ko lantaldeak gonbidatu gaitu gogoeta egitera. Gure bidaia indibidualak murrizte hutsarekin ekonomia globalaren etorkizunean ondorio serioak eragingo genituzke, bereziki, gaur egun turismo-sarreren mende dauden leku kontaezin guzti horietan. Gai horiek askoz ere maila estrukturalagoan ere jorratu behar lirateke.
Bigarrenik, krisiak erakutsi du jasotzen duten turismo kopurua kontrolatu dezaketela gizarteek, hala egitea erabakitzen badute. Saturazio turistikoari buruzko eztabaidan, gobernuek sarritan adierazi izan dute arazoari irtenbidea ematea ez zegoela beren eskuetan, ezin zutela saihestu jendeak bidaiatzea. Mugikortasunari egindako murrizketa orokorrek erakutsi dute hori ez dela egia.
Ez dugu iradoki nahi mugimendu askatasunari halako murrizketak eginez jarraitu behar dugunik etorkizunean. Baizik eta frogatzen dela zer den posible –eta politikoki onargarria–, hala nola mugikortasuna mugatzea gure bizitza mehatxupean dagoenean, COVID-19arekin gertatu bezala. Planeta bizigarri baten beharra ziur badela "arrazoi" mugikortasun bolumen iraunkorra zein den birpentsatzeko.
Hirugarrenik, eta garrantzitsuena hauxe da, dezelerazio ekonomikoari ematen ari diren erantzunek erakusten dute zer-nolako ekimenek gidatu behar duten trantsizioa turismo-industria desazkunde leun baterantz. Maila indibidualean, noski, denok birpentsatu behar ditugu gure lehentasunak, bidaia gutxiago egiteko, bidaia hauek motelagoak izan daitezen eta geuretzat esanguratsuagoak. Baina aukera horiek aldaketa instituzionalekin batera joan behar dute, turismoaren industriaren maila makro eta egiturazkoetan, norabide aldaketa bat eraginez. Neurri hauek kontutan hartu behar dituzte, besteak beste:
Neurri hauek COVID-19aren krisiren berreskurapenak mundu bidezkoago eta iraunkorrago batera eraman gaitzan beharko den guztiaren icebergaren punta dira soilik. Baina lehen pauso egokia lirateke norabide horretan.