argia.eus
INPRIMATU
Tunisiatik Gazara abiaturiko ‘Al Soumoud’ auto-karabana geldiarazi dute Libiako Sirte hirian
  • Asteartean pasa zuten Tunisia eta Libiaren arteko muga, ondotik Egiptora sartu eta bertatik Gazara heltzeko asmoz. Berez, Libiako autoritateen babesa jasota du ekimenak, eta jarrera horri segika bidea berriz irekitzea galdetu diete poliziei antolatzaileek.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko ekainaren 13a
Al Soumoud auto-karabanak Tunisia, Libia eta Egipto zeharkatzea du asmoa, ondotik Gazara heltzeko.

Ehunka autoz eta autobusez osatutako ilara luze batek osatzen du Al Soumoud auto-karabana, eta milaz gora boluntario daude elkarturik, bidean aitzinatu ahala, inguruko ehunka biztanleen babesa jasotzen dabiltza. Ekainaren 9an Tunisiako hiriburutik abiatu eta orain arte, arazo nagusirik gabe egin ahal izan badute bidea, ostegun gauean gelditu behar izan dute Sirte hirian (Libia), Poliziak horretara beharturik.

"Ongi gaude, baina beroa ikaragarria da. Oihal-etxeak, ura eta komun idorrak behar ditugu, oinarrizko beharrei erantzuteko", adierazi die Tunisiako komunikabideei bozeramaile den Wael Naouar aktibistak. Ez dute amore emateko asmorik, eta elkartasunez ura ekartzeko deia luzatu die inguruko herritarrei. Bero handia egiten du une honetan, eta itzal-gune guti izanik, arazo bihurtu daiteke hidratatzeko aukera eza.

Ekainaren 9an abiatu zuten  Al Soumoud auto-karabana Tunisiako hiriburutik eta asteartean pasa zuten, inolako arazorik gabe, Libiara sartzeko muga. Parte-hartzaile gehienak tunisiarrak eta aljeriarrak dira, eta Aljeria, Maroko, Libia eta Mauritaniatik etorritako militanteak ere biltzen ditu ekimenak. Funtsean, koalizio transmagrebtar hori osatu izanak dakarren indarra azpimarratzen dabiltza antolatzaileak.

Libia eta Egiptoren arteko mugaz aitzinatu ahala, Israelek eta Egiptok Libiari bideratu presioak areagotu egin dira. Alta, berez, Libiako Estatu Kontseiluaren babesa jaso du auto-karabanak, "Palestinako kausarekiko elkartasun arabiar eta islamikoaren ikur bizitzat" daukalako. Bestalde, Abdelhamid Dbeibah Batasun Nazionaleko gobernuburuak ere bere "harrotasuna" adierazi zuen ekainaren 11n, herritarrek erakutsitako elkartasun ekimena txalotuz.

Babes zabala duen ekimena

Tunisiako elkarte eta sindikatu multzo batek koordinaturiko ekimena da, besteak beste, Palestinaren Aldeko Ekintza Bateratuko Koordinakundea eta UGTT Tunisiako zentral sindikalak. Halaber, erakunde ugarik adierazi diote babesa Al Soumoud karabanari: Tunisiako Kazetarien Sindikatu Nazionalak (SNJT), Tunisiako Abokatuen Ordena Nazionalak, Tunisiako Giza Eskubideen Liga (LTDH), Tunisiako Eskubide Ekonomiko eta Sozialen Foroa (FTDES), Tunisiako Medikuen Ordena eta Tunisiako Mediku Gazteen Erakundea (OTJM) bezalako instantzia medikoak.

Ekainaren 9an abiatu ziren eta Gazara sartzea dute helburu. Israelek 2007an abiaturiko –eta martxoaz geroztik erabatekoa den– Gazaren blokeoa sinbolikoki eta modu baketsuan haustea dute helburu nagusi. Egiptotik Gazara abiaturiko martxaren gisara, Israelen genozidioa salatzeko ekintza popularra da. Nola ez, "nazioartearen eta arabiar herrien isiltasun ofiziala" salatzen dabiltza.

Bestalde, nazioartetik etorritako ehunka aktibista daude dagoeneko Egipton elkarturik, kosta ahala kosta Gazara arte ibiltzeko intentzioarekin. Ostiral honetan Sinai basamortuko eskualdea autobusez zeharkatzea aurreikusten dute, ondotik azken 50 kilometroak oinez egiteko, Egiptoko Rafah alderaino. Tartean dago asteazkenean atxiloturiko Melisa Pérez García gasteiztarra. "Debekatu egin omen dute Gazara martxa, baina guk aurrera jarraituko dugu", adierazi dio Kairotik ARGIAri.