argia.eus
INPRIMATU
Tubos Reunidoseko enplegu espedientea “azken urteetako produkzio egoerarik onenean” inposatu nahi dutela salatu du ESK sindikatuak
  • ESK-k azpimarratu du zuzendaritzak soldatak igo dituela, langileen prestazioak murrizten ari diren bitartean. Berez, 2020tik abiatzen duten seigarren espedientea da honakoa.

Aitor Aspuru Saez Aiaraldea @aiaraldea 2025eko uztailaren 16a

ESK sindikatuak oharra plazaratu du gogor kritikatzeko Tubos Reunidos enpresan bizitzen ari den egoera. Izan ere, konpainiak aldi baterako erregulazio espediente berria abiatzeko asmoa iragarri die langileen ordezkariei.

Sindikatuak salatu du produktibitatea, lan sistemak eta egutegiak bere gaitasun historiko handienean dituela multinazionalak eta eskaera lan poltsa oso zabala duela. Are gehiago, ESK-k aipatu du "duela hilabete gutxi behin-behineko langile asko" kontratatu zituela "eta, gainera, zinismo-hiperbole batean, plantilla 'entrenatzen'" ari dela "'segundoak murrizteko' linea batzuen aldaketetan eta geldialdietan".

Gauzak horrela, beharginen antolakundeak argi dauka konpainia modu "ustelean" erabiltzen ari dela enplegua erregulatzeko espedientea. Hain zuzen, "egoera prekarioan dauden enpresetako lanpostuak salbatzera soilik bideratuta egon beharko lukeen tresna" bestelako bi helburuetara bideratzen ari da, ESKren aburuz.

Alde batetik, sindikatuaren ustez, diru irabaziak handitzen saiatzen ari da multinazionala, langabezia prestazioak bere jarduera finantzatzera bideratuz; hau da, bitarteko publikoak zuzendaritzaren eta akziodunen patriketara eramanez. Bestetik, lan hitzarmenean adostutakoa (lanaldi malgutasuna, besteak beste) ez betetzeko baliatzen ari dira espedientea, ESKren aburuz.

Hala azaldu du langile erakundeak: "Milioi askoko irabaziak ditu Tubos Reunidosek 2022tik. 2023an, irabaziak 56,6 milioi eurokoak izan ziren, eta horrek aukera eman dio enpresari bere agintarien soldatak eta bestelako ordainsariak nabarmen hobetzeko, aldi baterako lan-erregulazioekin langileen soldatak ahultzen dituzten bitartean".

Ustelkeria

ESKren iritziz, Tubos Reunidosen gertatzen ari dena "enpresarien ustelkeria" da eta Deloite aholkularitza enpresaren txostenak baliatzen dituzte horretarako. Sindikatuak nabarmendu du Deloite bera ustelkeriagatik zigortu zutela.

Horren kontra egiteko, neurriak hartzea exijitu die langile antolakundeak erakunde publikoei, espedienteen erabilera mugatzeko. Horrez gain, beste sindikatuei ere deia egin die kalean zein epaitegian borrokatzeko.

Zigorra Tubos Reunidosen kontra

Halaber, ESK-k gogora ekarri du pasa den astean egin zutela publiko Tubos Reunidosen kontrako epaia, zeinak enpresa zigortu zuen greba eskubidea urratzeagatik, besteak beste.