argia.eus
INPRIMATU
Tubos Reunidos enpresak enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientea abiatu nahi du
  • Amurrion egoitza duen enpresak atzo jakinarazi zion bere asmoa langile batzordeari. Pasa den astean aitortu zuen iaz mozkin handiak izan zituela.

Aiaraldea @aiaraldea 2023ko uztailaren 05a

Pasa den astean sekulako mozkinak aitortu eta gero, atzo komunikazioa bidali zion Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak langile batzordeari, jakinarazteko enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientea jarri nahi duela indarrean.

Berez, "ekoizpen eta antolakuntza arrazoiak" argudiatu ditu enpresak eta neurriak 848 langilerengan izango du eragina, bi aldeek kontrakoa adosten ez badute.

Halaber, astebete barru bilera deitu du Tubos Reunidosek sindikatuekin, dokumentazio guztia pasatu eta negoziazio prozesua abiatzeko.

Enpresa batzordeko iturriek aipatu diote Aiaraldea Komunikabideari modu ez ofizialean heldu zaiela espedientea irailean hasiko litzatekeela, hurrengo urteko otsailean amaitzeko.

Ekoizpen eta antolakuntza arrazoiak argudiatu ditu enpresak eta neurriak 848 langilerengan izango du eragina

Mozkin historikoak pasa den astean

Iturri horiek azaldu diote komunikabideari duela zenbait hilabete zuzendaritzak aipatu zuela lortu berri diren emaitza onen sorburua iazko eskariak zirela, eta aurten ez dela eskari nahikorik jaso.

Hala ere, ezustean harrapatu die neurriak sindikatuei, pasa den astean irabazi bikainen berri eman baitzuen konpainiak.

Zazpigarren espedientea

Tubos Reunidosentzako langileentzat azken urteetako zazpigarren espedientea izango da iragarri dutena: 2009an, 2010ean, 2016an, 2018an ere ezarri zizkieten, eta pandemia garaian beste biren menpe egon dira.

Izan ere, enpresak zor ugari pilatu zituen 2007tik aurrera eta SEPIk erreskatatu behar izan zuen 2021ean maileguaren bidez.

Sindikatuek hainbat aldiz aipatu dute 2007an eskatutako 170 milioi euroko kredituan dagoela zulo ekonomikoaren iturburua. Ustez, diru hori beste enpresa baten erosketarako baliatu behar zuten, baina azkenean akziodunen artean banatu zen, langile antolakundeen arabera.