argia.eus
INPRIMATU
Tubos Reunidos enpresa zigortu dute, greba eskubidea ez errespetatzeagatik
  • Urrian hasi zuen Langraiz Okako lantegiak aldi baterako lan erregulazio espedientea, eta sei hilabetez luzatu zen. ELAk jakitera eman duenez, "74 langileren negoziazio kolektiborako eskubidearen urraketa" aitortu du epaileak, eta baliogabeturik geratzen da espedientea. Hori dela eta, epaileak ebatzi du enpresak soldatak ordaindu behar dituela. Tubos Reunidos enpresak 28,6 milioi euroko irabaziak izan zituen 2024an.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko uztailaren 08a
Langraiz Okako Tubos Reunidosen lantegia

Tubos Reunidos enpresa zigortu du Gasteizko lan arloko epaitegi batek. "Greba eta askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidearen (...) eta guztira 74 langileren negoziazio kolektiborako eskubidearen urraketa" aitortu du Gasteizko lan arloko 2. zenbakiko epaitegiak, ELA sindikatuak adierazitakoaren arabera. Hortaz, baliogabetuta geratu da Langraiz Okako lantegiak urrian hasi eta sei hilabetez luzatutako aldi baterako lan erregulazio espedientea; soldatak ordaindu beharko ditu enpresak. Eta horrez gainera, 45.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio enpresak sindikatuari.

Bigarren aldia da Tubos Reunidos enpresa zigortzen duela epaitegi batek. Lehen aldian, greba egiten ari ziren langileak ordezkatzeagatik zigortu zuten, eta uko egiteagatik greba egiten ari zirenekin negoziatzeari. Gauzak horrela, 50.000 euroko kalte-ordaina ezarri zioten enpresari.

Duela gutxiko kontua da, bestalde, Tubos Reunidosek Amurrion duen lantegia aldi bateko erregulazio espedientean sartuko dela orain. Astearte honetan hasi da kontsulta epea, Aiaraldea komunikabideak jakitera eman duenez. Iturri horren esanetan, hamargarren espedientea da zabaltzen dutena 2009az geroztik.