Otsailean hasi eta sei hilabetez luzatu da 129 kaleratzeen aurka Tubacexeko langileek abiatutako greba mugagabea. Multinazionalak enplegua suntsitzeko asmoarekin aurrera jarraitzea erabaki du, eta beharginek grebari eutsiko diote. Gaur (abuztuak 30) indarberrituta bueltatuko dira piketeetara. Atzo, hilak 29, 200 egun egin dituzte greban.
200 egun bete ditu Tubacexeko langileek otsailean Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aurka abiatutako greba mugagabeak. Gutxik pentsa zezaketen otsailaren 11n hasitako lanuzteak hain luze joko zuenik, baina sei hilabeteren ostean lan gatazkak bizirik jarraitzen du, eta agertoki berri baten atarian aurkitzen da.
Asteartean (abuztuak 31) Zuzendaritza eta langileen ordezkariak elkartu egingo dira irailetik aurrera multinazionalak indarrean jarri nahi duen Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen nondik norakoak adosteko helburuarekin, baina bilerak greba mugagabearen etorkizunaz eztabaidatzeko aukera ere jar dezake mahaigainean.
Izan ere, abuztuaren 30ean ezarri zuen Tubacexek Aiaraldeko plantak "errendimendu operatibo osoan funtzionatzen hasteko" epemuga.
Langileek, ordea, greba mugagabeari eusteko asmoa berretsi dute 129 langileak berme osoz berrartuak izan arte eta zentzu horretan, enpresaren azken hilabeteetako mehatxu eta ultimatumek ez dute determinazio horrekin bukatu.
Arnasa hartu eta aurrera egin
Momentu erabakigarrian gurutzatu du, beraz, greba mugagabeak 200 egun ortzimuga borobila.
Hilabete luze eta gogorren ostean atseden hartzeko baliatu dituzte grebalariek azken bi aste hauek, baina lanuzte eta borrokari une bakar batez ere uko egin gabe. Abuztuaren 28an Amurrioko piketean elkartu ziren berriro langileak borroka aste berriak indarrez heltzeko asmoarekin.
Ikusteko dago gaurtik aurrera multinazionalak hartuko duen estrategia berria. Beharginena argia da, enpresak Auzitegi Gorenean jarritako helegitea erretiratu arte eta 129 langileak berme osoz berrartuak izan arte borrokan jarraitzea.
Eskualde osoa altxatzea lortu duen lan gatazka
Greba mugagabeak 200 egun bete dituen arren, Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aurkako lan-gatazka urtebete baino gehiagoz luzatu da dagoeneko.
Multinazionalak 2020ko udan iragarri zuen nazioarteko langile kopurua 20% murriztea. Neurri horrek Aiaraldeko plantetan izango zuen eraginaren esperoan egon gabe, irailean hasi ziren enpresa batzordeak deituriko lehenengo protesta ekimenak eta baita eskualdean ere dagoeneko ohikoak bilakatu diren manifestazio jendetsuak.
Urte hasierarekin ezagutu ziren Aceralava, TTI Amurrio eta TTI Laudio fabrikentzako Tubacexen asmoak: 150 langile kaleratu nahi zituen guztira.
Otsailaren 11n eta 12an 24 orduko bi lanuzterekin erantzun zuten langileek, eta jarraian greba mugagabearekin jarraitu zuten enpresak Enplegua Erregulatzeko Espedientea erretira zezan.
Zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko negoziaketek ez zuten inolako emaitzarik lortu, eta multinazionalak 129 langile kaleratzeko estrategiarekin jarraitu zuen aurrera.
Bidean greba bertan behera utzi eta langileen batasuna hausteko hamaika saiakera egin zituen Tubacexek, baina horren aurrean Tubacexeko langileen atzean altxatzen zen harresi batekin egin zuen topo; eskualde osoak ezezko borobila eman zion multinazionalak enplegua suntsitzeko zituen asmoei.
Uztailean EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien langileei: enpresak, pandemia aitzakiatzat erabilita, neurri estrukturalak aplikatu zituen egoera koiuntural bati erantzuteko.
Sententzia eskutan izanda ere, multinazionalak ez zuen amore emateko inolako asmorik, eta berrartu behar zituen 129 langileak etxean mantentzea erabaki zuen, ITP Aero enpresaren eredua jarraituz.
Gainera, eta justiziaren aginduz derrigortuta egon arren, abuztuaren erdialdera arte ez ditu uztailaren 7tik berrartu behar zituen langileak altan eman Gizarte Segurantzan.
Bien bitartean EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Madrilgo Auzitegi Gorenean, 129 langileen etorkizuna are gehiago baldintzatuz, eta lan gatazka denboran luzatuz. Izan ere, zuzendaritzaren esku dago greba mugagabearekin gaur bertan bukatzeko aukera.