232 greba egun ondoren, Tubacexeko lan-gatazka amaitzeko bidean geratu da, ostegun honetan Laudio eta Amurrioko lantegietako enpresa batzordearen gehiengoak zuzendaritzaren azken proposamenari baiezkoa eman baitio, honek aldaketa bat onartu ostean. Langileek berretsi beharko dute orain erabakia.
Joan den astean irteera gabeko kale batean zeudela zirudien arren –Tubacexeko zuzendaritzaren asmoen aurrean Eusko Jaurlaritzari "amore ematea" egotzi zioten langileek–, ostegun honetan Gasteizen egin duten bileran azken proposamenari baiezkoa eman diote langileen ordezkarien gehiengoak –LAB sindikatuak ez du sinatu, langileek diotenaren zain–, 129 derrigorrezko kaleratzeen inguruko paragrafoa aldatu ostean.
Enpresa batzordeak azaldu duenez, zuzendaritzak kendu egingo du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian jarritako helegitea, eta hala, euren ustez onartu du ez zegoela "justifikatuta" bide judizial horrekin segitzea. Auzitegiaren epai batek bertan behera utzi zituen derrigorrezko kaleratzeak eta akordio honen ondorioz epai horrek dioena errespetatuko luke zuzendaritzak eta Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) atzera botako luke.
Orain langileek berretsi beharko dute Gasteizen adostutakoa, eta hala eginez gero, Aiaraldeko eta Euskal Herriko azkenaldiko lan arloko gatazka gorabeheratsu eta gogorrenetako bati amaiera emango litzaioke, enpresak gutxienez 2024 urte arteko inbertsioak bermatuko baititu enplegua mantendu dadin.