Ttipia ere handi gelditu da

  • Kontent eta satisfos bukatu dute martxoaren 8a Ipar Euskal Herriko feministek ere. 400 bat lagun batu dira arratsalde bukaerako manifestaziora eta greba feministaren deia ere entzuna izan da. Azken hau euskalgintzako egituretan sentitu da gehienbat. Kuantitatiboki jarraipen ahula ukan badu ere, grebalariak egon dira eta gustura bizitu dute eguna.

Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin

2018ko martxoaren 09an - 09:34

Kontent eta satisfos bukatu dute martxoaren 8a Ipar Euskal Herriko feministek ere. Balorapen oso baikorra egin dute grebalari feministen asanbladako kideek. Bistan da, egunean zehar Bilbo, Donostia, Gasteiz ala Iruñeko emakume uholdeen argazki eta bideoi begira egon garela Bidasoaz alde hontakook, inbidia puntu batekin eta ti-ta batean autoa hartu eta joan-etorri bat egiteko ideia eroari kasu gehiegirik eman gabe. Baionan zerbait gertatzen ari zelako ere. Gure ttipia handi gelditu delako ere.

Kopurua ez da guztia

Greba feministarako deia Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan gaindi entzunarazteko erabakia hiru ideia lehenetsiz ateratakoa izan da: aurten egindako lanketak datorren urteetarako balioko du, oinarri bat izango da ondokoetarako; Ipar Euskal Herria mundu mailakoa den greba feminista honen barne kokatzen da, masa baten parte gara eta azkenik, Ipar Euskal Herriko mugimendu feminista ahula izanda ere, berdin dio, ttipi eta gutxi izateak ez gaitu izutzen.

Kontua da ttipi hau handi gelditu dela 2018ko martxoak 8 honetan. Grebaren deia entzuna izan da. Soldatapeko lan esparruari doakionez, grebalariak egon dira hainbat esparrutan. Bertako bi sindikatuk grebara deitu dute: LAB eta Solidaires. Frantzia mailako deiak ere egon dira, beste sindikatu batzuen partetik. Batez ere euskalgintza arloan sentitu da greba: AEK, ikastoletan, euskal komunikabideetan, eta abar. Honen ondoan egon da zaintzaren arlokoa. Etxe barnetan emandakoa. Manifestazio bukaeran amantalak zikin-ontzietara botaz irudikaturiko greba. Baita ikastetxeetan egindakoa ere: Baionako unibertsitatean, Etxepare lizeoko ikasleek eramandakoa, eta abar. Kontsumoarena ere, nola ez. 

Hainbat herritarik etorritako ehun grebalariz gora elkartu dira Baionako herriko etxean, eguerditan, eguzkitan, irria aurpegian eta mugimenduaren parte izateaz pozik. Hortik auzitegi aitzinera joan eta epaituriko bi papergabeei elkartasuna adierazteko aukera ere egon da. Talde feminista guztiek finkaturiko elkarretaratze eta manifestaziorako hitzordua laster etorri da: 400 bat lagun batu dira, emakumeak lehen lerroan, behingoan, gizonak bigarrenean, elkartasunez eta errespetuz. “Gora borroka feminista!” eta “Gora greba feminista!” oihukatzen egon da jendea, determinazio ederrarekin. Bezperan, gauez, Miren Artetxe eta Maddi Sarasua bertsolariekin burutu poteo feministaren bidez Baiona Ttipiko karriketan eta tabernetan entzunarazi mezua errepikatu genuen egun argiz. Bezperako bertso batean erran bezala: Gauez gain, poteoak eta egunak ere gureak direlako.

Biharkoari begira

Gazte-gaztea den asanbladako kideek ez dakite zein izanen den biharkoa. Molde informalean bada ere, datorren urteari begira jarriak dira kideak, hobetu beharrekoaz solastatuz baina sustut, lortu dena azpimarratuz. Kuantitatiboa aipatzeaz gain, kualitatiboa azpimarratuz: elkarlanean eraiki da greba mugimendua eta ongi pasa dugu, biziki ongi.

Bai, Ipar Euskal Herri mailan ere ukanen du biharamun bat greba feministak. Feminismotik bizitzeko eta antolatzeko gogoa sentitu delako azken asteetan. Urtez urte, geroz eta jendetsuago eta geroz eta gazteago agertzen ari delako feminismoa. Hemen ere. Ea atzo sentitu olatu ttipiak irauten duen. Geroak erran digu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: M8 greba feminista
Greba feminista burutu dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Estatu mailan bideraturiko greba feministari lotu dira Ipar Euskal Herriko sindikatuak eta talde feministak ere. Soldatapeko lanean, zaintzan eta kontsumoan bideratu dute greba.


Kaleak betetzeko antolatu gaitezen

Hilabeteren buruan feministok emakume* langileon egunean kaleak hartzera aterako gara. Urteroko zita dugu, urtez urte gogoz antolatu eta prestatu duguna. Pasa den astean atzera begirada arin bat egin genuen Portugaleteko asanbladan, 2018ko eta 2019ko greba feministak... [+]


Gezurrak, iruzurrak eta manipulazioak Guardia Zibilak M8ko manifestazioaz idatzitako txostenean

Guardia Zibilak informazio faltsuak eta adierazpen manipulatuak sartu zituen M8ko manifestazioari buruzko txostenean, Espainiako Gobernuari pandemiaren hedapenaren errua leporatzeko, manifestazioa baimendu izanagatik. Txosten horrek ekarri du Moncloak Madrilgo erkidegoan duen... [+]


2020-03-09 | Zuriñe Rodriguez
Zuriketa morea Gasteiztik at

"Oso azkar goaz", "baina helduta goaz" esan zion emakume batek beste bati Gasteizko Olagibel kalean, justuki Ertzaintzaren komisaldegiaren parean. Eguerdiko 12:30ak ziren gutxi gorabehera. Aldi berean, toki berean, "Gora borroka feminista!" oihuak... [+]


Eguneraketa berriak daude