argia.eus
INPRIMATU
TTIPen aurkako milioitik gora sinadura, Junckerrentzako “oparia"
  • Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen urtebetetzean, oparia egin diote Stop TTIP europar herritar ekimenaren sustatzaileek: itun transatlantikoaren negoziazioak gelditzeko eskatzen duten milioi bat inguru sinadura.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko abenduaren 09a
Susan George (Transnational Institute) eta Michael Efler (Stop TTIP), "Jean-Claude Junckerri" oparia ematen: TTIPen negoziazioak gelditzeko eskatzen duten milioi bat izenpe baino gehiago. (Arg.: Unai Brea).

Batzordeak ez du aintzat hartu ekimena. Halere aurrera egitea erabaki dute haren sustatzaileek, Michael Efler bozeramaileak azaldu duenez.

GUE/NGL (Europako Ezker Unitarioa/Iparreko Ezker Berdea) Europako Legebiltzarreko taldeak antolatutako “Stop TTIP, CETA, TISA” konferentzian esan du Europako Justizia Auzitegiari helegitea aurkeztuko dutela Batzordearen errefusaren aurka, baina ez direla epaileen erabakiaren zain egongo: ekimena aurrera eramango dute berdin, haren arauak betez.

Izan ere, 1.100.000 sinadura baino gehiago bildu dute honezkero, eta horiexek eskaini dizkiote fikziozko Juncker bati,  “oparitan”.

GUE/NGLren konferentzian parte hartzen ari ziren dozenaka lagunek Europako Batzordearen egoitza ondorainoko bidea egin dute, protestan parte hartzeko.