TTIP akordioaren aurka, NATOri buruzko erreferendumaren urteurrenean

  • Europar Batasuna eta AEBak negoziatzen ari diren TTIP hitzarmenaren aurkako mobilizazioetara deitu dute martxoaren 12an, Hego Euskal Herriak NATOn sartzeari ezezkoa eman zion erreferendumaren 30. urteurrenean. “NATO ekonomikoari ez! Herritarrok erabaki” leloa erabiliko dute Iruñean eta Donostian egingo dituzten ekitaldietan. NATOrentzat bezala, TTIPentzat demokrazia oztopoa dela adierazi du Euskal Herrian TTIPari ez! kanpainak.

     


2016ko martxoaren 11n - 14:45
TTIP, TiSA eta CETA merkataritza askeko akordioen aurka Bilbon egindako mobilizazio baten artxiboko irudia.

Donostian manifestazioa eguerdiko 12:00etan hasiko da, Bulebarrean. Iruñean, berriz, TTIPi buruzko mahi-ingurua egingo dute ordu berean Civivox Condestable aretoan, eta giza katea 17:30ean, kartzela zaharretik abiatuta. Horrez gain, hainbat taldek protesta egiteko bizikleta martxa antolatu dute Bizkaiko Arratia bailaran. Goizeko 10:00etan Bediatik irten eta bazkalorduan, 14:30ak aldera, Igorrera heltzea da asmoa. Ondoren bazkaria eta TTIPi buruzko bide emanaldi laburra egingo dute, Kiñu gaztetxean.

Deitzaileek Europar Batasuna negoziatzen ari den merkataritza askeko akordioak gaitzetsi dituzte, herritarrentzako ondorio kaltegarriz betetako marko juridiko berria ezarriko baitute haien ustez: “Herri eta pertsonen burujabetzaren murrizketa, lan eskubideen eta enpleguaren galera, ingurumenaren suntsiketa, elikadura segurtasunaren eta tokiko nekazaritzaren aurkako erasoa, emakumeon bizimodua zailtzea, osasuna eta hezkuntzan pribatizazioak...”.

Kanadarekin adostutako CETA 2017 hasieran berretsi nahi dute

Martxoaren 12ko mobilizazioak batik bat TTIPengatik protesta egiteko badira ere, ez da ahantzi behar Europar Batasuna zerbitzuen kudeaketari buruzko TiSA akordioa ari dela negoziatzen beste 30 herrialderekin batera –funtsean zerbitzu horien pribatizazioa izango litzateke haren ondorio nagusia– eta TTIP baino are modu ezkutuagoan, eta honezkero CETA akordioa daukala Kanadarekin adostuta baina oraindik berresteke.

Europako Batzordeak iragarritako egutegiaren arabera, Europako Parlamentua aurtengo udazkenean hasiko da CETA aztertzen, eta asmoa da 2017 hasieran berrestea. TTIPekin gertatzen den bezala, eztabaida nagusietako bat izango da nori dagokion berrespen hori, alegia, nahikoa ote den Europako Kontseiluak eta Parlamentuak bozkatzea, edo horiez gain estatu bakoitzak bere aldetik onartu beharko dituen akordiook.

Hala balitz, herrialdeetako parlamentuek banan-banan eman beharko liekete oniritzia akordioei –Maltan izan ezik; hor nahikoa da gobernuaren borondatea–, eta gerta liteke TTIPi buruzko erreferendumak deitzea EBko hamabost bat herrialdetan. Euskal Herrian TTIPari ez! kanpainako iturrien arabera, Europako Batzordeak aukera hori eragotzi nahi du, EBko legediak, printzipioz, horretara behartu arren.

TTIP 2017ko urtarrila baino lehen?

Bestetik, Cecilia Malström Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak esan du bi aldeak saiatuko direla TTIPen testua beranduenez 2017ko urtarrilerako adosten. Hots, Barack Obamak Etxe Zuria utzi baino lehen. Ez dirudi helburua erraz beteko dutenik, desadostasun nabarmenak baitaude zenbait puntutan, baina datozen hilabeteotan bai Europak bai AEBek prozesu negoziatzailea azkartzeko ahalegin berezia egingo dutela hitzeman du Malströmek.    


Kanal honetatik interesatuko zaizu: CETA
2020-11-16 | ARGIA
Munduko BPGren herena biltzen duten hamabost herrialdek merkataritza blokea osatu dute

Munduko merkataritza blokerik handiena osatu dute hamabost herrialde hauek: Asiako hego-ekialdeko hamar herrialde, Hego Korea, Txina, Japonia, Australia eta Zeelanda Berria. Azaroaren 15ean izenpetu dute RCEP merkatu libreko hitzarmen hau.


2017-09-21 | Unai Brea
CETA hitzarmenaren zatirik handiena indarrean da, europar parlamentu guztiek oraindik berretsi ez badute ere

Eurolegebiltzarrak joan den otsailean eman zion onespena Kanada eta Europar Batasunaren arteko merkataritza askeko itunari (CETA). Hitzarmena mistoa denez, erabat indarrean sartzeko EBko estatu kide guztietako parlamentuek bozkatu behar dute haren alde. Hala ere, hitzarmenaren... [+]


2017-06-29 | Unai Brea
CETA hitzarmena berretsi du Espainiako Diputatuen Kongresuak

Espainiako Parlamentuak berretsi egin du Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza askeko ituna (CETA), PP, Ciudadanos, PDeCAT eta EAJren aldeko botoekin. PSOEk jarrera aldatu du Pedro Sanchez idazkari nagusia hautatzeaz geroztik; oraintsu arte hitzarmenaren alde... [+]


2017-06-02 | ARGIA
CETA hitzarmenaren aurkako ekintzak egingo dituzte asteburuan

Kanada eta Europar Batasunaren arteko merkataritza askeko hitzarmenaren (CETA) aurkako mobilizazioak egingo dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan asteburuan hasita eta astelehenera bitarte. Modu horretan, CETAren aurkariek protesta egin nahi dute datozen asteetan Espainiako... [+]


CETA: Zer diote kanadarrek?

CETA pil-pilean eskuartean dugun Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko Ekonomia eta Merkataritza Askeko Hitzarmena dugu eta entzunagoa den TTIP hitzarmenaren atzeko ate bezala definitu izan da. TTIP (Europar Batasuna eta AEBen arteko hitzarmena) izoztua dagoela helarazi... [+]


Eguneraketa berriak daude