Syriza ezkerreko koalizioak irabazi ditu berriro hauteskundeak Grezian. Demokrazia Berria alderdi kortserbadorea bigarren izan da. Abstentzio oso handia egon da, %45 ingurukoa.
Nahiz eta Syrizak boto emaileen %35,47ren babesa jaso duen, 500.000 boz inguru galdu ditu, joan den urtarrileko hausteskundeekin alderatuz gero. Edonola ere, sei eserleku falta izan zaizkio gehiengo absolutua lortzeko.
Inkestek Syriza eta Demokrazia Berriaren berdinketa aurreikusi zuten, baina Vangelis Meimarakis alderdi kontserbadoreko buruzagiak %28ko babesa baino ez du jaso. Urrezko Egunsentia alderdi neonazia hirugarrena izan da botoen %7rekin, eta 17 eserleku izango ditu Greziako Parlamentuan. PASOK alderdi sozialistak ere 17 aulki lortu ditu (%6,28) eta KKE Greziako Alderdi Komunistak 15 eserleku edukiko ditu (%5,48). Herri Batasunak, Syrizako zatiketatik sortutako alderdi berriak, ez du Parlamentuan ordezkaritzarik izango, ez baita iritsi bozen %3ra.
Urteko hirugarren hauteskundeak izan dira Grezian, eta herrialdeko historian parte-hartze baxuena izan dutenak, deituta zeudenen %56,13k baino ez baitute bozkatu. Uztaileko erreferendumak eta horren ondoren Europar Batasuneko hartzekodunekin sinatutako hirugarren erreskateak hainbat herritar haserrarazi ditu, eta horrek azal dezake askok bozkatu ez izanak.