argia.eus
INPRIMATU
Trumpen kanpaina legez kanpo finantzatu zela aitortu du AEBetako presidentearen abokatu ohiak
  • Michael Cohen AEBetako presidentearen abokatu pertsonala izandakoak, aitortu du bi emakumeri ordaindu ziela Donald Trumpekin izandako harremanak isilik gorde zitzaten. Gainera, Trumpek hauteskunde kanpaina legez kanpo finantzatu zuela ere adierazi du astearte honetan FBIren aurrean.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko abuztuaren 22a
Michael Cohen, Trumpen abokatu izandakoa, 2011ko argazki batean (irudia: Iowa Politics / CC-by-sa).

Ustez hainbat delitu egin zituelakoan ikerketapean egon da Cohen eta guztira 65 urterainoko kartzela zigorrari egin ziezaiokeen aurre. Baina Trumpen delituen berri eman eta fiskaltzarekin akordioa lortu ondoren, zigorra gehienez bost urtera mugatuko zaio.

Milioi erdi dolarreko fidantza ordaindu ondoren, aske geratu zen asteartean. Abenduaren 12an jakinaraziko diote epaia.

Egun berean, Paul Manafort zigortu dute, Trumpen kanpaina zuzendu zuen pertsona, iruzur fiskalarekin lotutako zortzi deliturengatik. Astearte honetako bi albiste horiek posizio oso korapilatsuan jarri dute AEBetako presidentea, hauteskundeak nola irabazi zituen zalantzan baitago gaur egun.

Momentuz Trumpek adierazi du Paul Manafortengatik “atsekabetuta” dagoela. Cohenek publiko egindako informazioari buruz, ordea, ez du adierazpenik egin.