argia.eus
INPRIMATU
Trumpen aurkako ikerketa abiatu du Ordezkarien Ganbarak, ‘impeachment’-a ekarri dezakeena
  • AEBetako zenbait hedabidek zabaldu dute Donald Trump presidenteak Ukraniako presidentea presionatu duela, Joe Biden demokrataren familia iker zezan. Trumpek informazioak ukatu ditu. Demokratek ikerketa abiatu dute, eta emaitzaren arabera Trump kargugabetzeko prozesua hasiko da.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 25

AEBetako Ordezkarien Ganbarako presidente Nancy Pelosi demokratak eman du albistea. Ganbarak Trumpen jarduna ikertzeko prozesua abiatuko du. Horrek ez du segurtatzen AEBetako presidentearen impeachment edo kargugabetze prozesua irekiko denik gerora, baina legegintzaldiaren hondar guztia baldintzatuko du ziurrenik (2020an dira presidentetzarako hauteskundeak). Pelosik adierazi du presidenteak konstituzioaren eta demokraziaren oinarriak urratu dituela.

Ikerketa hasteko erabakia azken egunetan zenbait hedabidek zabaldutako informazioan dago. Horien arabera, Trumpek Ukraniako presidente Volodomir Zelenski presionatu zuen, hark iker zitzan Joe Biden politikari demokrataren semeak Ukranian dituen negozioak. Biden presidenteorde izan zen Obamarekin zortzi urtez, eta 2020ko hauteskundeetan hautagai demokrata izan daiteke.

The Wall Street Journal egunkariaren arabera, Trumpek zortzi aldiz behintzat egin zion eskaria Zelenskiri. Bitartean, 250 milioi eurotako dirulaguntza blokeatuta mantendu zuen. Informazioen iturria isil-mandatari bat da, eta hedabideen arabera, Kongresuan lekukotza emateko prest dago.

“Sorgin ehiza”

Trumpek informazio ukatu du, Zelenskirekin hitz egin izana onartu badu ere. Demokratek bere aurkako “sorgin ehiza” abiatu dutela salatu du Twitter bidez. Jakinarazi du Zelenskirekin izandako elkarrizketa publiko egiteko baimena eman duela, eta FOX kateak gaur argitaratuko duela iragarri du.

Impecachmenta AEBetako sistema politikoaren barneko epaiketa politiko antzeko bat da, karguan dagoen bitartean presidente bat ezin baita epaitua izan. Orain abiatu den ikerketa impeachment prozesuan amaitzekotan, presidentea kargugabetzeko Ordezkarien Ganbaran gehiengo sinple batek bozkatu behar du alde, lehenik, eta Senatuan bi herenek, ondoren. Kongresuan gehiengoa dute demokratek, baina gutxiengoan dira Senatuan.

Hirugarren aldia litzateke AEBetako presidente bati kargugabetze prozesu bat irekitzen zaiona. Andrew Johnson (1868) eta Bill Clinton (1998-1999) izan ziren aurreko biak, eta bietan Senatuak gelditu zuen kargugabetzea.