AEBetan, Apelazio Auzitegiak Donald Trump presidenteak ezarritako muga zerga gehienak bertan behera utzi ditu. Dena den, ez ditu urriaren 14ra arte indargabetuko, eta bitartean, ia segurua da Trumpek helegitea jarriko duela. Presidenteak uste du Auzitegi Gorenak arrazoia emango diola.
Muga zerga gehienak geratuko dira indargabetuta, Washingtongo Helegite Auzitegiak erabakitakoa betetzen bada. Epaileak adierazi du AEBetako presidenteak ez daukala eskumenik muga zergen inguruan erabakiak hartzeko, bai, aldiz, Kongresuak. Trumpek Larrialdietako Legea erabili zuen muga zergak ezarri ahal izateko, eta hala, larrialdi egoera ezarri zuen AEBetan. Epaileen erabakia eta horretarako argudioak ez dira berriak. Maiatzean, Merkataritza Auzitegiak gauza bera esan zuen. Alabaina, Helegite Auzitegiak Trumpen helegite bati arrazoia eman eta erabakia indargabe utzi zuen behin-behinean.
Apelazio Auzitegiaren erabakiak muga zerga gehienei eragiten die, batetik, munduko ia herrialde guztiei jarritakoei, tartean Europako Batasunari jarritako %15ekoa, eta bestetik, Txinari, Kanadari eta Mexikori jarritakoei, fentaniloa eta migrazioa argudiotzat hartuta. Ez die eragiten aluminioaren, altzairuaren eta autogintzako inportazioen gainean jarritako zergei.
Trumpek, albistea jakinda, Depresio Handia ekarri du gogora; adierazi nahian, baldin eta zergak ezartzeko eskumena murrizten bazaio, halako egoera batera irits daitekeela herrialdea. Azaldu du AEBek zergen bidez jasotako milaka milioi dolar itzuli beharko lituzketela. Sare sozialetan adierazitakoaren arabera, badirudi presidenteak Auzitegi Gorenean helegitea jarriko duela eta kide gehienak kontserbadoreak direnez, irabaziko duela uste du. Hala esan du: “Gaur, Apelazio Auzitegi zinez alderdikoiak esan du, oker esan ere, gure zergak kendu egin behar direla. Baina badakite, azkenean, AEBek irabaziko dutela. Zerga horiek desagertuko balira, hondamendia litzateke herrialdearentzat”.