argia.eus
INPRIMATU
Trumpek ezarritako %30eko muga zergekin, kolokan dago EBn eta AEBen arteko merkataritza
  • Etxe Zuriko maizterrak larunbatean iragarri zuen EB Europako Batasunaren esportazioei %30eko muga zergak ezarriko dizkiela abuztuaren 1etik aurrera, biak merkataritza akordio batera ez iritsiz gero. Horren aurrean, AEBei muga zergak igotzeko prest dagoela adierazi du EBk. AEBetako presidentetzara heldu zenetik Ukrainaren eta Errusiaren arteko bakeari zentraltasuna eman badio ere, Washington Kievera Patriot aireko defentsa sistemak bidaltzekoa dela jakinarazi du Trumpek.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 15
Trump eta Rutte, Etxe Zurian astelehenean eginiko agerraldian. Nathan Howard / Reuters

Abuztuan 1ean indarrean sartzekoak dira Donald Trump Etxe Zuriko maizterrak mundu osoko herrialde ugaritako produktuei ezarritako arantzelak: horien artean, AEBetako presidenteak larunbatean jakinarazi zuen EB Europako Batasunaren esportazioek izango duten muga zergak %30koak izango direla, biek aurretik merkataritza akordio bat adosten ez badute. Erabaki horrek bien arteko harreman komertzialetan izan ditzakeen eraginak direla eta, ekin diote xake taulako piezak mugitzeari Washingtonek eta Bruselak: Maros Sefcovic EBko Merkataritza komisarioak hitza hartu du astelehenean, EBko Merkataritza ministroekin bilera izan aurretik, eta adierazi du %30eko edo hortik gorako muga zergek EBren eta AEBen merkataritza eragotziko luketela.

Duela bizpahiru aste ekin zieten Washingtonek eta Bruselak merkataritza harreman akordio baten negoziazioei, eta, hain zuzen, astelehenean bildu dira Sefcovic –bera da EBren ordezkaria negoziazioetan– eta Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkaria. Trump Etxe Zurira heldu aurretik, AEBek eta EBk elkarren produktuei %5eko muga zergak ezartzen zizkieten, eta horrek, Sefcovicen arabera, hainbat sektoretan bien arteko hornidura kateak sortzea ahalbidetzen zuen. Trumpek iragarritako muga zerga politikek, ordea, hori errepikatzea "ezinezko" bihurtuko dutela gaitzetsi du EBko Merkataritza Komisarioak.

EBk AEBekin merkataritza akordio batera heltzea lehenesten badu ere, hori ez gauzatuz gero Washingtoneko produktuei arantzelak igotzeko prest agertu da Brusela. Hala eginez gero, AEBetako presidenteak mehatxu egin du EBri ezarritako muga zergak are gehiago igotzea. Trumpek Truth Social sare sozialaren bidez iragarri zuen larunbatean EBren produktuen aurka hartutako neurria, eta zera izan zen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen erantzuna: "Izugarri kaltetuko ditu hornidura kateak, eta horren eraginak Atlantikoaren bi aldeetako enpresek, kontsumitzaileek eta gaixo direnek nabarituko dituzte".

Ukrainari armak, Errusiari muga zergak?

Etxe Zurira heldu zenetik, Trumpek Errusiaren eta Ukrainaren arteko bake negoziazioei bultzada handia eman die, eta Joe Biden demokrataren aurreko administrazioaren aldean, Kievekiko posizio gogorragoa eduki du. Azken astean, ordea, AEBetako presidenteak Ukrainarentzako laguntza militarra handitzeko asmoa duela adierazi du, eta dagoeneko egin du lehen pausoa: Etxe Zurian NATO Ipar Atlantikoko Itun Erakundeko idazkari nagusi Mark Rutterekin astelehen goizaldean eginiko agerraldian, Trumpek iragarri du Kievera Patriot aireko defentsa sistemak bidaltzekoa dela, EBk "ordainduta".

Horrela, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak azken asteetan behin eta berriz eskatutakoa beteko du Washingtonek, Patriot aireko defentsa sistema lurretik eta airetik jaurtitako misil balistikoak suntsitzeko baliabide militar eraginkorra baita. Horrez gain, Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake negoziazioei helduta, Trumpek Moskuri leporatu dio gerra amaitzeko saiakerarik ez egitea. 50 eguneko ultimatuma eman dio Errusiari Ukrainarekin bake akordio batera heltzeko, eta hori egin ezean, %100eko muga zergak ezarriko dizkiola mehatxu egin dio.