Von der Leyenek eta Trumpek akordioa lortu eta astebetera egin du mehatxua AEBetako presidenteak, Europako herrialdeek hitzartutakoa beteko ez dutela kezkatuta. Europako produktuei %15eko muga zergak ipintzeaz gain, Europako Batasunak AEBetan 600.000 milioi euro gehiago inbertitzea adostu zuten, besteak beste. Bestalde, Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako eta Errusiarako ordezkaria Errusiako ordezkariekin biltzekoa da asteazkenean eta ostegunean, Ukrainako su-eten akordioaz mintzatzeko.
Muga zergen harira EB Europako Batasunak eta AEBek izandako liskarra behin betiko amaitu zela zirudien joan den astean, Eskozian egindako bileran Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Donald Trump AEBetako presidenteak Europako produktuei %15eko muga zergak ipintzea adostu zutenean. Bada, hitzarmena sinatu eta astebetera, Trumpek asteartean mehatxu egin du muga zergen ehuneko hori %35era igoko duela, EBko herrialdeek AEBetan "inbertsio estrategikoetan" 600.000 milioi euro inbertitu ezean, akordioan hitzartutakoari jarraiki. Horrez gain, hitzarmenaren arabera, datozen hiru urteetan Europak 750.000 milioi euroko gastua egingo du AEBei energia erosten.
CNBC telebista katean eginiko elkarrizketa batean, Europako hainbat herrialde akordioaz kexatu direla galdetuta, Trumpek zera adierazi du: "AEBetan inbertitu ezean, %35eko muga zergak ipiniko dizkiegu [Europako produktuei]". Gainera, elkarrizketa berean Etxe Zuriko maizterrak Europako farmazia produktuekin hurrengo urteetan dituen asmoak jakitera eman ditu: "Hasieran muga zerga baxuak ipiniko dizkiet, baina urtebetera edo urte eta erdira %150era igoko dira; eta, azkenik, %250era. Farmazia produktuak AEBetan ekoiztea nahi dugu".
AEBek mundu osoko herrialdeei ezarritako muga zergak ostegunean sartuko dira indarrean, eta dirudienez ez dira amaitu Trumpen eta Europaren arteko desadostasunak, Eskozian eginiko bileraren ondoren Von der Leyenek akordioa "garaipen" gisa saldu bazuen ere. Izan ere, Trumpen aurrean belarriak jaitsi ditu Europak, akordioa iragarri ondoren jakin baitzen armagintzan Europak AEBei "ehunka milioi euroko erosketak" egingo dizkiela, Trumpen esanetan. Horrez gain, aluminioa eta altzairua salbuespen gisa markatu ditu Etxe Zuriko maizterrak, eta %15ekoa beharrean, %50eko muga zergak ipiniko dizkie.
Witkoff Errusiako ordezkariekin biltzekoa da asteazkenean eta ostegunean
Europako Batasunarekin muga zergen ehunekoa adosteaz gain, joan den astean Trumpek zera ohartarazi zion Vladimir Putin Errusiako presidenteari: hamar eguneko epean Ukrainarekin su-eten akordio bat sinatu ezean, zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola. Epe hori amaitzear dela, astelehen goizaldean eginiko prentsaurreko batean AEBetako presidenteak iragarri zuen gobernuko Ekialde Hurbilerako eta Errusiarako ordezkari Steve Witkoff Errusian izatekoa dela asteazkenean eta ostegunean, hango ordezkariekin biltzeko.
Azken hilabeteetan, Errusiako eta Ukrainako ordezkariak hiru bider bildu dira aurrez aurre Istanbulen: maiatzaren 16an, ekainaren 2an eta uztailaren 23an. Hiru aldi horietan, ordea, ez dira bileran izan ez Putin ez Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea. Halere, Moskuren bozeramaile Dmitri Peskovek astelehenean telefono bidez eman ohi duen prentsaurrekoan adierazi zuen Putin prest dagoela Zelenskirekin aurrez aurre biltzeko: "Horretarako, adituek beharrezko lana egin behar dute aldez aurretik".