argia.eus
INPRIMATU
Trumpek esan dio Errusiari prestatu dadila, AEBek Siriara misilak jaurtiko dituztela
  • Errusiak iragarri ostean Siriaren kontra AEBek misilak jaurtiz gero misil horiek suntsituko dituela, Twitterren erantzun du Donald Trump AEBetako presidenteak: "Errusia konpromituta da Siriaren kontra jaurtitako misil guztiak suntsitzera. Prestatu zaitez Errusia, iritsiko direlako, ederrak, berriak eta azkarrak! Bere jendea hiltzen eta horrekin gozatzen duen Gas-Hiltzaile Animalia baten kide ez zinatekete izan behar".

ARGIA @argia 2018ko apirilaren 11

Errusiako Kanpo Harremanetarako Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak Trumpen adierazpenei erantzun die: "Misil inteligenteek terroristen aurka egin beharko lukete hegan, eta ez nazioarteko terrorismoa bere lurretan urte ugariz borrokatzen aritu den gobernu legitimoaren aurka".

Lehenengo txiotik ordubetera, bigarren mezu bat eskaini dio Errusiari AEBetako presidenteak, Twitter bidez: "Errusiarekin dugun harremana inoiz baino okerragoa da, Gerra Hotza kontuan hartuta ere. Ez dago horretarako arrazoirik. Errusiak behar gaitu bere ekonomiari laguntzeko, eta erraza litzateke; guk nazio guztiak elkarrekin lanean behar ditugu. Lasterketa armamentistikoa geldituko?".