argia.eus
INPRIMATU
Trumpek dio Israelek Gazarako 60 eguneko su-etena onartu duela
  • AEBetako presidenteak adierazi du orain Hamasen erantzunaren zain daudela: "Ez badute onartzen, egoerak okerrera egingo du". 60 eguneko su-etenaz gain, akordioak barne hartuko luke Hamasek Gazan dituen hamar bahitu israeldar itzultzea, eta beste hamabosten gorpuak ere bai. Bien bitartean, Gazako palestinarrak hiltzen segitzen du Israelek: 30 hil ditu asteartetik asteazkenera bitartean, horietatik sei lekualdatutako familiak bizi diren kanpaleku baten aurka eginiko drone eraso batean. 

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 02a
Lekualdatutako familiak bizileku zituen UNRWAren eskola baten aurka Israelek eginiko erasoa Gazan, astelehenean. Mahmoud Issa / Reuters

Israelek martxoan Gazarako su-etena apurtu eta egun bakarrean gutxienez 400 palestinar hil zituenetik, menia berri bat adosten aritu dira Egipto, AEBak eta Qatar. Badirudi azken hilabeteetan eduki dituzten elkarrizketek fruituak eman ditzaketela, Donald Trump AEBetako presidenteak adierazi baitu Israelek onartu duela eurek proposatutako 60 eguneko su-etena. Truth Social sare sozialean eman du Tel Aviven erabakiaren berri: "Israelek 60 eguneko su-etena adosteko beharrezko baldintzak onartu ditu, eta epe horretan alde guztiekin lan egingo dugu gerrari amaiera emateko". 

60 eguneko meniak, besteak beste, barne hartuko luke Hamasek Gazan bahituta dituen hamar israeldar euren bizilekuetara itzultzea, baita hilik dauden beste hamabost lagunen gorpuak ere –Israelgo Gobernuak uste du oraindik 50 bahitu geratzen direla zerrendan, eta horien erdiak baino gehiago hilik daudela–. Israelen oniritzia jasota eta Hamasen erantzunaren zain, erakunde palestinarrari mehatxu egin dio Trumpek: "Ez badute su-etena onartzen, egoerak okerrera egingo du". Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak begi onez ikusi du Egiptok, AEBek eta Qatarrek proposatutako menia: "Ezin dugu galdu bahituak askatzeko aukerarik".

"Gobernuan eta biztanleriaren artean gehiengoa bahituak askatzea suposatuko lukeen akordioaren alde dago", azaldu du Saarek. Halere, The Jerusalem Post hedabidearen arabera, badira Israelgo Segurtasun Kabinetean su-eten akordioaren aurka agertu diren hainbat kargu: hain zuzen, Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro ultraeskuindar Itamar Ben-Gvir eta Finantza ministro Bezalel Smotrich. Ez da lehen aldia bi ministro horiek Gazarako su-eten akordio posible bat gaitzesten dutela. Izan ere, Israelek 2023ko urrian zerrendaren aurkako oldarraldia gogortu zuenetik, palestinarren aurkako erasoak gelditzearen aurka agertu dira behin eta berriz. 

Gune jendetsuak eta kanpalekuak, jo-puntuan

Bien bitartean, eta joan den astean hamabi egunez Iranekin edukitako gatazkari amaiera –oraingoz– eman ostean, Israelek Gazako palestinarrak hiltzen jarraitzen du. 30 hil ditu asteartetik asteazkenera bitartean, horietatik sei zerrenda hegoaldeko Al-Mawasi herrian, lekualdatutako familiak bizileku gisa dituen kanpaleku baten aurka eginiko drone eraso batean. Horrez gain, lau palestinar hil dituzte Gaza hiriko Tuffah auzoan, gune jendetsu baten aurka eginiko bonbardaketa batean.