AEBetako presidentea Zelenskirekin eta Europako haren aliatuekin bildu da astelehenean, Etxe Zurian. Badirudi Trumpek ontzat jo duela Vladimir Putinek ostiralean izandako bileran proposatutakoa: Ukrainako gerra amaitzeko Kiev "lurralde truke posibleez" hitz egiteko gai izatea, frontean su-etena ezarri beharrean. Zelenskik, ordea, esan du Etxe Zuriko maizterraren eta Errusiako presidentearen arteko gailur batean mintzatuko dela auzi horretaz.
Pasa den ostiralean Alaskan Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bildu zen Trump eta astelehenean Ukrainako gerraren beste aldearekin mintzatu da Donald Trump Washingtonen: Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin eta Europako hainbat agintariekin. Gatazkarako akordiorik adostu gabe, Trumpek Putinekin Alaskan izan zuen bileratik atera daitekeen ondorio nagusiena zera da: AEBetako presidenteak "bake akordio batera" iristea lehenesten duela, eta horretarako frontean su-etena ezartzea ez dela beharrezkoa, Kievek lurralde batzuei uko egitea baizik.
Izan ere, astelehenean eginiko bileran Trumpek adierazi die Zelenskiri eta Europako haren aliatuei gerra amaitzeko beharrezkoa dela "lurralde truke posibleez" mintzatzea: "Horretarako, kontuan hartu beharko da egun gerra frontea non dagoen". Ukrainako presidenteak, ordea, behin baino gehiagotan baztertu du hainbat eskualde Errusiaren esku uzteko aukera, "inbaditzaileei lurrak oparitzea" Ukrainako Konstituzioaren aurka doala argudiatuta. Etxe Zurian izandako bileran Zelenskik Trumpi adierazi dio auzi horretaz haren, Etxe Zuriko maizterraren eta Errusiako presidentearen arteko gailur batean mintzatuko dela. Bileran ostean, sare sozialetan argitaratutako mezu batean Trumpek jakinarazi du Putinekin telefono deia izan duela, hiru agintarien gailur hori hitzartzeko.
Lurralde truke posibleak
Ukrainako gerra amaitzeko gakoa izango liratekeen lurralde trukeak asko aipatzen badira ere, zein izan daitezke horiek? Bada, Putinen eta Trumpen bileraren ondoren Financial Times Erresuma Batuko hedabideak ondorengoa argitaratu zuen: Errusiako presidenteak AEBetakoari adierazi ziola gerra amaitzeko Moskuk Donbass eskualdearen jabetza hartu behar zuela; hau da, Luhansk eta Donetsk probintziak. ISW Gerra Ikertzeko Institutuaren arabera, Errusiak lehen probintziaren %99 haren menpe du; bigarrenean, berriz, eremuaren %79 du kontrolpean.
Luhansk eta Donetsk Errusiaren esku uztearen truke, Putinek Trumpi adierazi zion Donbass eskualdearen hegoaldean dauden Zaporizhia eta Kherson probintzietako fronteak izoztuko lituzketela –bi horietako eremuaren erdia baino gehiago dute euren kontrolpean–, eta eraso gehiagorik ez egin probintzia horietan. Gainera, Zelenskirekin bildu aurretik sare sozialetan argitaratutako mezu batean, Trumpek adierazi du Ukrainako gerra amaitzeko bake akordioa sinatzeko baldintzetako bi Kievek Krimeako penintsularen jabetza izateari uko egitea dela –Errusiak 2014an anexionatu zuen– edo NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide izatea baztertzea.
Europaren papera
Kazetarien aurrean Zelenskirekin ordu erdi inguru iraun duen agerraldia egin ostean, Ukrainako presidentearekin batera Washingtonera bidaiatu diren Europako hainbat agintariekin bildu da Trump: Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin, Mark Rutte NATOko idazkari nagusiarekin, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrarekin, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroarekin, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroarekin eta Alexander Stubb Finlandiako presidentearekin.
Gerra amaituko lukeen bake akordio batera iritsiz gero Ukrainak behar dituen segurtasun bermeez galdetuta, Zelenskik adierazi du "dena" behar dutela: "Lehenbizi, Ukrainako armada indartsua". Trumpek esan du arlo militarrean "laguntza handia" emango diotela, eta zeregin horretan Europako herrialdeak lehen lerroan egongo direla: "Babes handia eman nahi diote Ukrainari, eta horretan lagunduko diegu".