argia.eus
INPRIMATU
Trump barregarri uzten duen liburua argitaratu dute mehatxuen gainetik
  • Etxe Zurira iritsi eta urtebetera, AEBtako presidentearen inguruko liburua kaleratu dute. Publikatu aurretik ere zalaparta handia eragin du eta presidentea bera ere argitaratzea geratzen saiatu dela publikatu dute.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 05

2017ko urtarrilaren 20an iritsi zen Donald Trump enpresari aberatsa Washingtongo Etxe Zurira, nahiz eta liburuaren arabera, berak ez zuen uste presidente izatera iritsiko zenik. Sua eta haserrea. Trumpen Etxe Zuriaren barruan, izeneko liburua idatzi du Michael Wolff kazetariak.

AEBtako presidenteari ez zaio gustatu bere inguruko liburua kaleratzea, eta abokatuak martxan jarri ditu. Editorialari eta idazleari gutun bana bidali die, liburua kaleratuz gero auzitegietara joko duela ohartaraziz.

Liburuan Trump ia “analfabeto” gisa deskribatzen dute, zenbait hedabidetan zabaldu duten aurrerapenaren arabera. Ez omen du gustuko irakurtzea eta horregatik, bere eskuetara iristen den informe oro gehienez orri batean laburtu behar izaten dutela dio liburuak. Orain dela gutxira arte bere aholkulari izan den batek, Trumpekin lan egitea “ume txiki batekin lan egitea bezalakoa” dela azaltzen du liburuan.